Puntako magoek euren trukorik onenak erakutsi zituzten Espaloian. Euskarazko sortzaileen lana indartu nahi izan dute aurten bereziki, eta hala, ikuskizun guztiak euskaraz izan dira. Asier Kidam gasteiztarrak ireki zuen zikloa egubakoitz iluntzean, familiei zuzendutako 1805 ikuskizunarekin.
Magiaren urrezko garaiko magoak ekarri zituen gogora Kidamek bere emanaldian. Hala, soka lotu eta askatzearena bezalako truko klasikoak zein berrienak taularatu zituen, magiaren urrezko garaiko magoen lana gogora ekarriz: "magiaren historiari buruzko ikuskizun bisuala da", azaldu du.
Ikuslegoko umeak ere ikuskizunaren parte izan ziren eta ahozabalik geratu ziren guztiak magoaren ondoan.
Zapatuan, berriz, ikuskizun bikoitza izan zen kafe antzokian. Lehenengo Tor eta Txoborro bikotearen txanda izan zen, eta beraien ostean, Imanol Ituiño bilbotarrarena. Eta bukatzeko, atzo, magia tailerrak izan ziren. Kidamek uste du Elgetako mostra bezalako egitasmoek magiarekiko grina piztu dezaketela txikienengan.
Euskara ardatz
Bergarako Pikupe produzioak-ek Elgetako Udalaren laguntzarekin antolatu du Euskarazko Magia Mostra. Hain zuzen, arlo honetan euskarazko sorkuntzari bultzada berezia eman nahi izan diote.
Hitzorduek erantzun ona izan zuten herritarren aldetik. Hala, datorren urtera arte agurtu da Elgetako euskarazko magia mostra.