Argiteria publikoa berritzera eta kafe antzokia garbitzera bideratuko du Udalak iazko gerakinaren zati bat

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko eka. 1a, 15:18

Elgetako udalbatzak aho batez hartu zuen atzo erabakia. 120.000 euroko gerakinarekin itxi zuen Udalak 2015a, eta kopuru horri beste 45.000 euro gehitu dizkiote: aparejadorean bigarren auzia dela-eta aurreikusita zegoen diru-lerroa, hain zuzen ere.

160.000 euro zertan erabili ebatzi zuten atzo Elgetako osoko bilkuran. 120.000 euroko gerakinarekin itxi zuen Udalak 2015a, eta kopuru horri beste 45.000 euro gehitu dizkiote: aparejadorearen bigarren auzia dela-eta aurreikusita zegoen diru-lerroa, hain zuzen ere. Prozesuaren martxa ikusita Iraitz Lazkano alkateak adierazi du ez dela aurten egin beharreko ordainketa izango.

78.000 euro 2009ko istripuaren kalte-ordaina ordaintzeko izango dira; 66.000 euro argiteria publikoa berritzeko; 10.000 euro Espaloia kafe antzokian garbiketa eta egokitzapen lanak egiteko; 5.000 euro herrian hainbat irisgarritasun lan egiteko; eta 1.000 euro liztor beltza kentzeko kanpainarako. Aurretik datozen bi faktura ordaintzera ere bideratu dute diru kopuru bat: 2.100 euro skate parkearen konponketa lanetarako; eta 1.700 euro euskara ikastaroak egiteko.

Argiteria publikoa

Udalak 66.056,37 euro bideratuko ditu argiteria publikoa berritzera. Egitasmo horrekin lotuta oposizioak galdetu zuen zergatik ez dagoen Elgetako proiektua Debagoieneko Mankomunitateak bailarako bost udalekin sinatu duen diru-laguntza hitzarmenean. Alkateak erantzun zuen ez dela diru-laguntza bat baizik eta finantzazio lerro bat, eta aparejadorearen bigarren auziarekin batera iritsi zela proposamena. Ez sartzea erabaki zutela. "Itzuli egin behar da hamar urtera %0ko interesarekin. Gutxienez izan behar ziren 300.000 euroko proiektuak eta gurea da gutxi gorabehera 100.000-150.000 eurokoa. Erabaki behar zenean bai edo ez aparejadorearen bigarren auzia etorri zen eta erabaki genuen ez sartzea, ikustea udaletxearen egoera ekonomikoa zein zen eta urtero daukagun diruaren arabera egitasmoa gauzatzen joatea", esan zuen Iraitz Lazkano alkateak.


Egokitze-lanak Espaloian

Espaloia kafe antzokiarekin lotuta oposizioak egoera zein den jakin nahi izan zuen. Lazkanok azaldu zuen aurreikusi gabeko zeregin berriak agertzen ari direla eta garbiketa lanak egiten soilik onartutako diru-lerroaren erdia joango dela. Balio erantsiaren zerga kanpo 4.400 euroko aurrekontu bat onartu berri dute garbiketa lanetarako. "Gaur beste gauza baten berri izan dugu. Sukaldeko ur beroaren galdarak lauzpabost urte darama errebisioa egin barik. Ez dabil ondo, garbitu eta konpondu egin behar da eta mantenua egin behar zaio", esan zuen Lazkanok. Alarma sistema ere eguneratu beharra dagoela gaineratu zuen. "Erraz gaindituko dugu 10.000 euroko kopurua".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak