Istripu larria izan zen 2009ko Ferixa Nagusiko jaietako domekan. Udal Gobernua eta kaltetutako familia kalte-ordainaren inguruko akordio batera heldu dira, eta udalbatzak aho batez babestu zuen akordio hori atzo egindako osoko bilkuran.
Hala, kaltetutako familiak 780.000 euroko kalte-ordaina jasoko du hamar urteko epean. "Akordio honetatik alde biak ateratzen gara indartuta. Epai bideak kaltea besterik ez zuen sortuko", esan du Iraitz Lazkano alkateak. "Udal honendako ezinbestekoa da epekatuta ordaintzea, eta familiarendako ere hobeto da kalte-ordaina lehenbailehen jasotzen hastea dituen beharrizanak asetzeko".
Oposizioa ere akordioaren alde agertu da. "Sentsibilitate handiko gaia da, eta uste dugu komeni dela sentsibilitate handiz jardutea", esan zuen Mikel Larreak. Alkateak argitu zuen Udalak hartuta duela familiarekin konpromisoa gaia errespetuz eta mimo handiz lantzeko.
2015ean likidazio positiboa
Udal Gobernuak, bestalde, 2015eko likidazioa aurkeztu zuen atzoko osoko bilkuran. Balantze ekonomikoa positiboa da. Iraitz Lazkano alkateak emandako datuen arabera aurrekontuaren gastua %88an gauzatu da, eta aurreikusitako sarrerak %90ean. Udalak 120.000 bat mila euroko gerakin likidoarekin itxi du urtea. "Sarreretan aurreikuspen nahiko optimistak zeuden eginda eta orokorrean azpitik ibili gara, baina eduki ditugun sarrerak gastuak baino zerbait handiagoak izan dira eta balantzea positiboa da. Hurrengo ogasun batzordean aztertuko dugu zein lerrotarako izango diren 120.000 euro horiek", jakinarazi du.
Oposizioak aurtengo inbertsioetarako ahalmenaren inguruan galdetu zuen, eta erantzuna izan zen gaitasun hori minimoa izango dela. Lazkanok azaldu zuen ordaintzeko dauden maileguek eta bi kalte-ordainek asko baldintzatuko dutela Udalaren egoera ekonomikoa: "Onenera joanda urtean 40.000 bat euro izango ditugu zertan erabili erabakitzeko". Azaldu du sei mailegutan banatuta Udalak 600.000 euroko zorra duela, eta zor hori hogei urtera zabaltzeko hainbat aukera aztertzen dihardutela.
Udalak aurreikusita dituen kobra gaitzen kopuruari erreferentzia eginez oposizioak kezka azaldu zuen sor daitezkeen altxortegi-arazoen inguruan. "Ikusten da sor daitezkeela arazoak. Zorretan gelditzen direnak asko dira eta obligazioak ordaintzeak bere epeak ditu", esan zuen Mikel Larreak. Lazkanok uste du jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren kudeaketa Foru Aldundiari eman izanak lagun dezakeela zerga bilketan.
EH Bilduk Fracking-aren aurka aurkeztutako mozio bat izan zen osoko bilkurako azken gaia. Udalbatzak aho batez onartu zuen mozioa.