Erresistentzia Eguna 2016

Hunkituta jaso dute 41 emakumek Elgetako Erresistentziaren Egunean egindako aitortza

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko api. 24a, 17:18

Intxortako borrokaldien errekreazioa egin dute gaur Elgetan. Horrekin batera omenaldia jendetsua jaso dute 41 emakumek.

Gaur betetzen dira 79 urte Intxortako frontea jausi zela. Gudari eta milizianoek Intxortapean gelditu zituzten tropa frankista eta bederatzi hilabetez eutsi zioten Elgetako sektorean. 

Intxortako borrokaldien errekreazioa egin dute, gaur, Elgetan. Ondoren, eguneko ekitaldi nagusia egin dute eta 41 emakume izan dira protagonista. Iaz gudari eta milizianoak omendu zituzten, eta aurten emakume erresistente eta errepresaliatuendako izan da aitortza. 

Ekitaldi hunkigarria egin dute Elgetan. 41 omenduek Iñigo Arregi artista arrasatearraren Egiaren iturria izeneko eskultura jaso dute beste hainbeste ordezkari politikoren edo eragileren eskutik.

Omenduen artean ziren Felisa Garai elgetarra edo Trini Ruiz de Alegria arrasatearra. Aitortza jaso dute baita ere Edurne Galartza oñatiarrak, Emeteri Aranburuzabala eskoriatzarrak, Norberta Ezpeleta bergararrak, eta Isabel Berichinaga elgetarrak. Azken horien izenean senitarteko batek jaso du oroigarria.

Ordezkaritza zabala

Milaka lagun gerturatu dira gaur Elgetara Erresistentzia Egunera. 145 bat boluntariorekin egin dute borrokaldien errekreazioa eta frontoia txiki gelditu da omenaldi ekitaldirako. Ordezkaritza politikoa ere zabala izan da. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendari Monika Hernando, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusi Maribel Vaquero edo Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otadui.

Debagoieneko hainbat alkate ere bertan izan dira, hala nola Maria Ubarretxena (Arrasate), Mikel Biain (Oñati), Elena Lete (Bergara), Lierni Altuna (Aramaio) edo Iraitz Lazkano (Elgeta). Beste batzuen artean ekitaldian izan dira baita ere Iñaki Anasagasti, Jesus Egiguren, Rafaela Romero, Patxi Zabaleta, Rebeka Ubera, Pello Urizar, Aintzane Ezenarro, edo Paco Etxeberria.

Emakumeek erakutsitako erresistentzia eta pairatutako errepresioa izan dira gaur Elgetan azpimarratu nahi izan dituztenak. Gaurko eguna pasa ostean ahaztua geratu ez dadin Emakume Erresistenteen plaza inauguratu dute herrian.

Erlazionatuak

Emakume Erresistenteen plazaren inaugurazioa

Larraitz Zeberio Lekuona 2016 api 24 Elgeta

Lore eskaintza, errekreazioa eta manifestazioa

Larraitz Zeberio Lekuona 2016 api 24 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak