Emakume erresistenteak eta errepresaliatuak izango dira aurten benetako protagonistak Intxortako Erresistentzia Egunean, eta 40 emakume omenduko dituzte herriko plazan, 13:00etan. Aurretik, 11:30ean, Intxortako borrokaldien errekreazioa egingo dute laugarren urtez Asentzion. Antolatzaileek milaka lagun espero dituzte, tartean ordezkari politiko eta sindikal ugari.
Emakume Erresistenteen Plaza
Omenaldiaren ostean Emakume Erresistenteen plaza inauguratuko dute Maala parkean, eta amaitutakoan herri bazkaria egingo dute frontoian. Egun osoan zehar memoria historikoa lantzen diharduten taldeek ipinitako materialarekin azoka egongo da ikusgai herrian.
Zirkulazio aldaketak herrian
Udalak jakitera eman duenez domekan oinezkoendako izango da Elgeta erdigunea eta zirkulazioa Berraondokotik bideratuko dute, 10:00etatik 19:30era. Hala, autobus geltokia Torrezar inguruan egongo da. Asentziora doan errepideari dagokionean 10:00etan itxiko dute. Kanpotik datozen gidariei gomendatzen zaie Pagatza industrialdean aparkatzeko.
Bezperako ekitaldiak
Domekan egingo dituzte Intxortako Erresistentzia Eguneko ekitaldi nagusiak, baina zapaturako bisita gidatu berezi bat dago antolatuta Elgeta gerra garaian izenburupean. Elgeta gerra eremu izan zen 1936ko urritik 1937ko apirilera eta bisita gidatuan ospitalea, soldaduen kanpalekuak, zaintza postuak edo zibilendako babeslekuak non kokatu zituzten ezagutzeko aukera izango du. 18:00etan abiatuko da taldea herriko plazatik. 19:30ean Orkresta Elektrotxaranga ibiliko da tabernaz taberna, eta 22:30ean kontzertua egingo dute Perlak eta Gose taldeek Espaloia kafe antzokian. Sarrera da bost euro.