Elgetako Espaloia kafe antzokiaren martxa kezka iturri da udal ordezkari politikoen artean. Oposizioak adierazpen publikoa egin zuen aurreko astean. Uste dute tamalgarria dela antzokiaren egoera, lurra jota dagoela eta badela ordua neurriak hartzen hasteko.
Udal Gobernutik erantzun dute jarraipen zorrotza egiten ari direla eta badihardutela lanean. Gaur egungo egoera argitzeari eman nahi diote lehentasuna eta parte hartze prozesu bat iragarri du Elgetako kultura eskaintzak zein behar duen herritarrekin batera definitzeko.
Gu Geu Elgetak uste du gaia enkistatzen ari dela. EH Bilduk, berriz, gai sentsiblea dela eta presaka aritzea ez dela egokia.
Antzokian diharduen Batirtze Arantzabalek bere aldetik kafe bat hartzera gonbidatu ditu Gu Geu Elgeta plataformako kideak. Dio ez direla kafe antzokian egindako ikuskizun bakar batera ere joan, eta gustura emango diela aretoaren kudeaketaren egoeraren berria lehen eskutik.