Hamabost herritar eta sei udal ordezkari elkartu ziren atzo Danon artian danon herrixa dinamikaren lehenengo herri batzarrean. Ehun bat herritarrek bete dute Udalak etxez etxe banatutako galdetegia, eta jasotako iritzien eta proposamenen berri eman zuten atzo parte hartze prozesuan gidari lanak egiten diharduten Nola enpresako ordezkariek.
Herritarrek ondoen baloratutako esparruak ongizatea, ingurumena, kirola eta hezkuntza dira. Txarren baloratutakoak, berriz, osasun zerbitzua eta turismoa dira.
Askotariko proposamenak
Proposamen zehatzetan sartuta etxebizitza hutsekin lotutakoak nabarmen daitezke. Jasotako erantzunetan errepikatu egiten da etxebizitza berriak eraiki beharrean hutsik daudenak merkaturatzeko neurriak hartu behar direla. Antzokia biziberritzeko beharra ere behin baino gehiagotan agertu da. Herritarren parte hartzearekin antzokiarendako proiektu berri bat egin beharko litzatekeela, alegia. Herritarrek adierazi dute, bestalde, berritzeko premian dagoela San Roke kaleko galtzada-harrizko zola eta erdiguneak oinezkoendako beharko lukeela. Herria zeharkatzen duen errepidea kentzeko proposatzen dute.
Hondakinak biltzeko sistema eta autobus zerbitzua —berriak biak— orokorrean ondo baloratzen dira, baina bada zer hobetu eta proposamen ugari jaso ditu Udalak zentzu horretan. Kirol eskaintzak ere balorazio ona jaso du, baina kirol instalazioak hobetzeko eskaera errepikatu egin da.
"Aurretik ikusten genituen gabezia batzuk azaldu dira", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. "Interesgarria da proposamenak egiteko orduan herritarrek ere neurtzea zer izan daitekeen egokia herriarendako. Ariketa hori egitea. Eskatzea libre da eta proposamen batzuk bitxiak izan dira, baina orokorrean bai izan dira oso proposamen neurtuak eta oso arrazoizkoak", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.
Atzoko batzarrera gerturatutako herritarrek jasotako erantzunen nondik norakoak ezagutu eta horien gainean iritziak trukatzeko aukera izan zuten batzarrean, eta bi taldetan banatuta banaka egindako lana taldean kontrastatu zuten.
Hurrengo batzarra, eguaztenean
Eguaztenerako, hilak 25, deitu du Udalak Danon artian, danon herrixa prozesuaren barruan egingo den bigarren herri batzarra. Bertan parte hartze ordenantza lantzeari ekingo diote. 19:00etan hasiko da batzarra udaletxeko areto nagusian.
Herritarren ekarpenak jasotzen dituen dokumentua (Iturria: Nola)