Mintzalaguna izenarekin da ezagun egitasmoa beste hainbat tokitan, eta iritsi da Elgetara ere. "Helburua da euskaraz berba egiteko ohiturarik ez dutenak ohitura dutenekin elkartzea astean ordubetez", azaldu du dinamizatzaile lanak egingo dituen Kepa de Vegak.
Elgetako Udalak eta Topaguneak bultzatutako ekimenaren helburua da herrian lau eta sei kide arteko hiruzpalau talde osatzea. "Ordutegiaren eta zaletasunen arabera antolatuko ditugu taldeak", esan du De Vegak. Azaroaren 4an, eguaztena, egingo dute lehen bilera, 19:00etan, udaletxean.
Euskara zinegotzi Janire Lazkanok azaldu du zabalik dagoela izen-ematea eta interesatuek etxez etxe banatutako dituzten orriak bete behar dituztela. Behar izanez gero udaletxean emango dituzte argibide gehiago.
Goibeko, babesleen artean
Goibeko euskara elkarteak bat egin du egitasmoarekin eta bertan parte hartzera animatu ditu bazkideak. "Begi onez ikusten dugu ekimena eta bultza egiten gaude mintzalagunak funtziona dezan Elgetan. (...) Beste aletxo bat ipiniko diogu 1993tik sortuta dagoen mugimenduari. Sei mila lagunek baino gehiagok dihardute; gustura dihardute, gozamenez dihardute eta gozatzeko beste aukera bat egongo da Elgetan. Pozez hartzeko albistea da", adierazi du Goibeko elkarteko presidente Iban Arantzabalek.