Bederatzi ortuzain eta bi artisau izan dira gaur goizean Elgetako plazan euren generoa erakusten eta saltzen. Tartean zeuden ere ikasbidaiarako goxoak saltzen zeuden bi talde, bat herriko ikastetxekoena eta bestea Ipintza institutuko hiru lagunena.
Eguraldi ederrak animatuta, jendea postuei begira egon da eta, ekoizleen esanetan, saldu ere ondotxo saldu dute. Herriko Sesto Gain, Olaegi, Zezeaga, Larrabiltxo, Altube, Zabaleta eta Jalotza baserrietako produktuak izan dira salgai; bestalde, Jose Antonio Ojangurenek, Rachida Moutasabehk eta Lorena Ibeas eta Igor Herce artisauak ere bertan izan dira.
Udalak baserritar bakoitzari 5 euroko erosketa egin dio eta, produktu horiekin, gero zotz egiteko otzara osatu du. Txartelak azokako saltzaileek saldu dituzte. Irabazleak bertan jaso du otzara.
Bi txorimalo aurkeztu dira aurten lehiaketara; hain zuzen, azokan postua ipini duten bi ikasle taldeek aurkeztu dituztenak. Lehen saria Ipintzako ikasleek irabazi dute. Bi taldeek ere esan dute atzo arratsaldean egin zituztela txorimaloak.
Errekor berria Intxortara igoeran
Horrekin gutxi balitz, Intxortara igoera ere izan dute. 20 parte-hartzaile izan dira eta denek bukatu dute lasterka egin beharreko joan eta etorriko bidea; aurten, gainera, errekor berriarekin. Eleder Lozanok irabazi du, Intxortara buelta 16 minutu eta 14 segundotan egin ondoren; orain arteko marka 16 minutu eta 15 segundo zen. Lehenengo emakumea Elena Elkoro izan da. 16 urtetik gorakoek parte har zezaketen kategoria horretan. Txapeldunarendako eta emakume azkarrenarendako 60 euroko sari bana izan dira eta, gainera, errekorra ontzeagatik, beste 60 euroko saria.
16 urtetik azpikoen artean lehenengoa Aitor Elkoro izan da, eta neska azkarrena, Noa Andueza.
12 urtetik azpikoek Salbadorrera igoera egin dute segidan.