Agurtzane Alkaldek eman ditu hezkuntza arloko xehetasunak, Mirari Larrañagak, gizarte politikaren zertzelada nagusienak aipatu ditu eta Sebastian Aranzabalek, berriz, ekonomiari dagokion programaren atala azaldu du. Kultura arlokoak Janire Lazkanori egokitu zaizkio eta amaitu aurretik, Ibai Larrañagak ingurumenaren inguruan programan jasotakoa azaldu du.
Iraitz Lazkano alkategaiak koalizioaren oinarria parte hartzea sustatzea dela azpimarratu du eta hori dela eta, ekitaldia bera ere, hautagai guztien parte hartzearekin antolatu dute. Ildo horretan, udal kudeaketa ahalik eta parte-hartzaileena izan dadin, batzorde guztiak publikoak izango direla adierazi du, Elgetako alkatetza lortuz gero. Gardentasunaren izenean ere, kontu guztiak publikoaren esku jarriko dituztela azaldu du eta elgetarrek, udal ordezkariak zer lan egiten ari diren uneoro jakiteko aukera izango dutela esan du. Horretarako, herritarrek udal ordezkariekin behar duten guztietan egoteko aukera izan dezaten modua egingo dutela eta sare sozialen erabilera publikoa egingo dutela gehitu du.
Programaren aurkezpenaren ekitaldia egin bitartean, "Elgetarrok garaile!" kanpainaren leloa eraikitzen joan dira hautagaiak, udaletxe azpian osotu duten muralean. Kanpaina hasiera izanik, talde argazkia egiteko ere baliatu dute herriko plazan egindako ekitaldia.