Udal eta Foru hauteskundeak 2015

Nerea Villa: "Gu Geu Elgeta plataforma anitza, irekia, gardena eta independentea da"

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mai. 7a, 11:23

Atzoko aurkezpen ekitaldian azpimarratu zuten lanerako gertu dagoen askotariko profileko herritarrak elkartu direla Gu Geu Elgeta plataforman.

Udaletxeko osoko bilkuren aretoan egin zuen atzo, eguaztena, jendaurreko lehen aurkezpen ekitaldia Gu Geu Elgeta herri plataformak. Nerea Villa alkategaiak hautagaitza osatzen duten kideen aurkezpena egin zuen. Esan zuen plataforman lanerako gertu dagoen askotariko profileko herritarrak elkartu direla, eta hautagaitza independentea, anitza, irekia, eta berdintasunaren aldekoa dela. "Herrikoa, herriarekin eta herriarentzat egindakoa", esan zuen. "Udal garden bat nahi dugu eta herritarren partaidetzarekin", zehaztu zuen.

Hauteskunde programa

Ekitaldi berean Gu Geu plataformatik udal hauteskundeetarako gertatu duten programaren ildo nagusien berri eman zuten.

Babestu eta indartu gura dituzte, besteak beste, euskara, herriko merkataritza, herriko eragileen jarduna, gizarte zerbitzuak, memoria historikoaren euskal interpretazio zentroa, eta ingurumena.

Eta proposamenen artean Villak nabarmentzen ditu kiroldegia berristea eta Espaloia kafe antzokitik egiten den eskaintzari jarraipena egitea. "Puntu garrantzitsuetako bat izango da kiroldegia, bertako zerbitzuak berritu eta indartu egin nahi ditugu. Horretaz gaindi kantxa eta gimnasioa berritu egin nahi ditugu. Beste puntu garrantzitsua Espaloia da azkenaldi honetan beherakada nabarmena sumatu dugulako, batez ere, ostalaritza eskaintzan".

Industria bada Gu Geu Elgeta plataformaren beste kezka nagusietako bat. "Taldean dugu Eduardo Zubiaurre eta bere esperientzia onuragarria izan daiteke industrialdea mugitzen hasteko. Herriko enpresen eta langabetuen artean zubi lanak egitea da asmoa", azaldu du Villak.

Zazpi alorretan banatuta hainbat egitasmoren berri eman zuten Gu Geu Elgeta plataformatik, tartean kultura etxeari erabilera hobea ematea, herriko basoen egoeraren azterketa egitea edo oinezkoendako zein bizikletendako bidegorriak egitea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak