Atzo, martitzena Udalaren egoeraren gaineko informazioa eman zuen alkatetzan bi agintaldi egin dituen Aralar-Independienteak taldeak. Besteak beste datu ekonomikoak, zerbitzuen defizitaren inguruko datuak, eta zerbitzuen erabiltzaileen inguruko datuak eman zituen Oxel Erostarbe alkateak. Entzuleen artean ziren udal hauteskundeetara aurkezten diren hiru alkategaietatik bi; Iraitz Lazkano (EH Bildu) eta Nerea Villa (Gu Geu Elgeta).
Egoera ekonomikoa
Maiatzeko hauteskundeen ondotik eratuko den udal gobernuak ia 635.000 euroko zorra duen Udala hartuko du. Horri gehitu behar zaizkio aparejadorearen auzia dela-eta bost urtean egin beharreko 173.000 euroko ordainketa eta Domingo Iturbe eraikinaren erosketa dela-eta 21 urtean ordaintzeko dauden 157.000 euro.
Erostarbek esan zuen alkatetza hartu zutenean baino egoera hobea lagako dutela. "Uste dut dezente diru amortizatu dugula eta gainera gai izan garela herrian hainbat proiektu aurrera eramateko. Uste dut zortzi urteotan Elgetak aurrera egin duela", esan du. Alkateak azaldu duenez aurre egin diote zegoen zorrari —1.091.131 euro—, eta Udalaren patrimonioak gora egin du; batez ere Asentzion eta Domingo Iturben . Egindako inbertsioei dagokienean esan du garrantzitsuak izan direla eta finantzazioaren erdia baino gehiago kanpotik lortutako dirulaguntzetatik etorri dela. Salbador kalea, Domingo Iturbe ingurua, Asentzioko gunea eta eskolako eraikina nabarmendu ditu alkateak.
Zinegotzien inplikazioa, herriko eragileekin batera lan egin izana eta funtzionamenduan zenbait aldaketa eginda Udala herritarrei zabaldu izana ere nabarmendu ditu Erostarbek. "Datorrenak zer egin behar duen uste dut argi dagoela: dirulaguntzak lortu, erakunde ezberdinekin elkarlanak topatu eta Udalak daukan zorrari aurrera egin, baita ere", adierazi du.
Ika-mikarekin amaitu zen batzarra. Erostarbek esan zuen kanpainaren gertutasuna argudiatuz batzarra bertan behera uzteko neurriak hartu zituela Elgetako EH Bilduk. Aipamenagatik hitza eskatu zuen EH Bilduko alkategai Iraitz Lazkanok, baina ukatu egin zion Erostarbek.