Intxortako lubakietan borrokatu ziren hamabost erresistente, domekan, Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko api. 14a, 14:02

Erresistenteekin batera alderdi eta sindikatu historikoak eta biktimak omenduko dituzte, 13:00etan, herriko plazan. Aurretik, urteroko errekreazioa egingo dute Intxortako Atean 150 boluntariorekin.

Elgetan buru belarri dihardute aste bukaeran egingo dituzten errekreazioa eta Erresistenteen Eguna prestatzen. Aurtengo berrikuntza nagusia, orain 78 urte Intxortako lubakietan borrokatu ziren eta bizirik dauden milizianoei eta gudariei eskainitako omenaldia izango da.

Antolatzaileek gaur jakitera eman dutenez hamabost erresistente elkartuko dituzte domeka eguerdian Elgetan. Aurretik, borrokaldien errekreazioa egingo dute Intxortako Atea monumentuaren aurrean.

Leku horretan elkartu dira gaur goizean bultzatzaile nagusiak: Intxorta 1937 Kultur Elkarteko, Sare Antifaxistako, Goldeako eta Elgetako Udaleko ordezkariak. Baita ere zapatuko Oroimenaren Gaua kontzertuan parte hartuko duten MKSoldierZZ eta Bastard's Noise taldeetako ordezkariak.

Elkarrekin gogorarazi dute lehenengo ekitaldiak zapatu arratsaldean izango direla, eta ekitaldi nagusiak domeka eguerdian. Horrekin lotuta udal ordezkariek jakinarazi dute autokarabanendako gunea eta akanpatzeko gunea ere gertatu dituztela Elgetako industrialdean.

150 boluntario errekreazioa egiteko

Errekreazioan 150 boluntarioak hartuko dute parte —iaz baino 25 bat gehiago—. Jantzi berriak egingo dituzte, gudarien lubakietan kanoi berri bat egongo da, eta hobekuntzak egingo dituzte piroteknia efektuetan zein megafonian. Errekreazioa eserita ikusteko aukera ere izango dute 300-400 bat lagunek.

Elgetako Udaletik jakinarazi dute aparkatzeko tokia egongo dela industrialdean, eta 10:30ean itxiko dutela Elgeta eta Kanpanzar arteko errepidea, domekan. Errekreazioa amaitutakoan zabalduko dute berriz. Herrian, gainera, oinezkoendako izango da erdigunea. Zirkulazioa Berraondokotik bideratuko dute.

Errekreazioan parte hartuko duten boluntarioek oinez egingo dute herrirainoko ibilbidea, manifestazioan. Memoria historikoa, justizia eta erreparazioa eskatuko dituzte. Jarraian etorriko da erresistenteen omenaldia. 13:00etan izango da herriko plazan.

Omenaldia erresistenteei

Intxortako lubakietan borrokatu ziren hamabost lagunek baieztatu dute parte hartzea domekako omenaldian, guztiak 90 urtetik gorakoak. Denek jasoko dute Iñigo Arregik ekitaldirako sortutako artelana. Erresistenteekin batera antolatzaileek alderdi eta sindikatu historikoak omenduko dituzte, baita ere biktimak. Guztira 30 bat lagunek jasoko dute Arregiren artelana. "Une hunkigarriak izango direlakoan gaude", adierazi du Intxorta 1937 Kultur Taldeko ordezkari Julia Mongek. "Erresistenteak adineko pertsonak dira eta zaindu egin behar ditugu".

Hamabost erresistenteak dira: Antonio Telleria (97 urte), Claudio Usobiaga (98 urte), Manuel Sagastibeltza (97 urte), Marcelo Usabiaga (98 urte), Inazio Ernabide (98 urte), Antonio Martin (98 urte), Regino Biain (97 urte), Benito Martin (96 urte), Gerardo Bujanda (96 urte), Luis Ortiz (98 urte), Juan Azkarate (92 urte), Luis Etxebarria (96 urte), Baltasar Delgado (97 urte), Gregorio Urionaguena (98 urte), Jose Moreno (96 urte).

Omenaldiaren ostean bazkaria antolatu dute Elgetako frontoian. 200 lagunek eman dute izena honezkero. Eguenera arte dute zabalik izena emateko aukera udaletxean.

Egitaraua

Zapatua, hilak 18

  • 18:00etan, Espaloitik, 'Elgetako kaleak gerra sasoian' bisita gidatua. Ez da beharrezkoa izena ematea.
  • 18:00etan, herrian, kalejira Elektro-txarangarekin.
  • 20:00etan, Espaloian, Oroimenaren Gaua kontzertua. Rap musika. Taldeak: Indarrap (Gasteiz), MKSoldierZZ (Bilbo), La Medizinah (Bilbo) eta Bastard's Noise (Bilbo). Sarrera: bost euro.

Domeka, hilak 19

  • 10:30ean, Elgetan, azoka oroimen taldeen materialarekin.
  • 11:00etan, plazatik, gudarien igoera lubakietara.
  • 11:30ean, Intxortako Atean, Intxortako borrokaldien errekreazioa.
  • 12:30ean, Asentziotik, manifestazioa Elgetara. Lore eskaintza Salbador ermitako oroitarrian.
  • 13:00etan, herriko plazan, omenaldia erresistenteei.
  • 15:00etan, frontoian, bazkaria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak