Alkategaiak ezagutzen

Iraitz Lazkano : "Espero nuena baino ilusio handiagoarekin esan nuen baietz"

Marijo Deogracias 2015ko api. 24a, 07:00

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Artean hauteskundeetara aurkezteko asmo barik politika eta administrazio zientziak ikasi zituen Iraitz Lazkanok (Elgeta, 1987), EHBilduren Elgetako zerrendaburuak. Politikaz gainera, eskalatzea, mendia eta Instagramera argazkiak igotzea ere baditu gustuko.

Politika ikasketak egin zenituen, hauteskundeetan parte hartzeko asmoz?

Egonezin intelektual-filosofikoak-edo eraginda egin nituen ikasketak. Eibarren elektronika ikasten hasi nintzen, baina aspertu eta Bilbora joan nintzen politika ikasketak egitera, baina ez politika ofizio moduan ikusten nuelako, inondik inora.

Azkenean baina, ikasketei probetxua aterako diezu.

Ikasketei-edo… Beti egon izan naiz inplikatuta nazio eraikuntzako mugimendutan, sindikalgintzan, eta hau beste pausu bat gehiago da.

Zerrendaburu izatera zerk animatu zaitu?

Zintzoa izateko ez nuen asmorik nire izena lehenengo lekuan ikusteko, baina herrian ikusi dut dinamika oso interesgarria egon dela. Jende askok hartu du parte programa lantzen, soziologikoki urruti samar dagoen jendea bildu dela proiektura, ez bakarrik ezker abertzalearen inguruko jendea, eta proposatu zidatenean, espero nuena baino ilusio handiagoarekin esan nuen baietz.

Zure arreba Bilduren zerrendan joan zen aurreko hauteskundeentan. Apusturik egin duzue bietako nork boto gehiago bildu?

Ez, ez… gainera, igual, berak ere zerrenda berean joan beharko du!

Baina abantailaren bat emango dizu arreba aritu izana zinegotzi, ezta?

Bai, jarraipen bat ematen dizulako. Arazoa izaten da gehiago, lau urte eta gero talde berri bat zerotik hasten denean, ze, lehenengo 6 hilabeteak ematen ditu aurreko 4 urtetan egin dena ikusten. Beraz, ondo etortzen da jarraikortasuna duen jendea izatea taldean. Luxua litzateke aurretik lanean aritu dena taldean izatea. Ikusiko dugu zerrenda nola osotzen dugun.

Eta, programa osatzeko lan horretan parte hartu ez duen jenderik ere egongo da zerrendan?

Oso posible da, baina programa ez dago itxita; 4 urterako denez, dinamikoa izan beharra dauka eta beti izango du aukera bere ekarpena egiteko.

Jendea politikara erakartzeko sasoi ona da?

Ez dut uste instituzioekiko deskofiantza entzun izan diren iruzur kasuek bakarrik eragindakoa denik. Inplikazio maila orokorrean jaitsi egin da, baita gainerako gizarte mugimenduetan eta eragileetan; herrian bertan ere sumatzen da hori. Akaso, diozun lista irekiena, izango litzateke ideala, baina legez zerrenda itxi bat egin beharra daukagu. Horregatik, horri buelta emateko ahalik eta modurik parte-hartzaileenean herritar guztiei eman diegu aukera programaren osaketan parte hartzeko zein zerrendarako kideak aukeratzeko.

Lagun artean politikazaleak zarete?

Batzuk beste batzuk baino gehiago. Batzukin asko berba egin izan dut politikaz, beste batzukin ez hainbeste.

Herri politikaz ala politika “nazionalaz”?

Errazagoa da herri politikaz. Gertuagoko gauzak direlako eta direlako jendeak egunerokotasunean bizitzen dituen gauzak, izan futbito txapelketaren antolaketa, diru partidak zertan erabili diren…

Eta aholkuak onartzen dituzu, ala gehiago zara aholku emale?

Bietakoa naiz. Oso entzunzalea naiz, berba egiteko erraztasuna ere badaukat, baina gehiago gustatzen zait isilik egotea eta esateko dudana zehatza izatea eta jendeak esateko duena entzutea. Sarri asko konfunditzen naiz eta ondo egoten da jendeari kasu egitea.

Aisialdian zer egitea duzu gustukoen?

Mendizalea naiz, kirolzalea ere bai, eskalada, txakurrarekin korrika.

Gertuko mendiak ala urrutikoak?

Hemendik eta Pirinioetarako dezente ibiltzen naiz, neguan zein udan. Aste Santuko egunetan Riglosen ibili gara, eskalatzen.

Nongo hormetara joatzen zarete?

Hemen inguruan Atxarten eta Araotzen.

Leku hotzak!

Bai, eta gazteagoak ginenean joaten ginen 4 gradurekin, eta baita elurretan ere; hantxe egiten genituen orduak, baina gaur egun eguzkia atera arte ez gara joaten.

Elgetan Intxortako ibilbide tematikoen gidari lanetan ibili zara; zergatik da garrantzitsua horrelako gertaerak gogoratzea?

Halako ekimenak egin behar dira gure herriko historia  sekula ahaztu ez dadin, eta bai guk eta baita gure ingurukoek ere ezagutu dezaten benetan zer gertatu zen, gerra sasoian, diktaduran eta trantsizio moduko horretan. Ez da barraka bat edo ez da ez dakit zer nolako atrakzioa. Helburua da datorrenari azaltzea hemen zer pasatu zen eta asmoa da sakontzen jarraitzea memoria historikoan eta aukerarik balego birformulatzeko jende gehiagorengana iristeko.

Eta, bataila bera antzeztea, arma eta guzti, hori ere garrantzitsua da?

Nire ustez ekimen oso oso interesgarria da jende askorengana heltzen delako eta alde horretatik bada atrakzioa, hau da, atraktiboa. Baina landu behar da oso serio, ze jendearen artean oraindik sentimenduak eragiten dituen gaia da eta horregatik, zer helburu eta diskurtsorekin egiten den asko zaindu behar da. Oso garbi daukat hau urtean behin egitea ez dela helburua; baizik eta memoria historikoaren berreskuratzean urratsak egiteko. Horretarako balio behar du.

Zuk zeuk parte hartu duzu?

Ez. Lehenengo urtean antolaketan egon nintzen eta iaz ikusle moduan. Baina parte hartzeko arazorik ez dut.

Eta, ze bandotan arituko zinake?

Argi izanda ze helbururekin egiten den, ez dit axola reketearena egitea, ni neu izpiluan horrela ikustea ofentsiboa egingo litzaidakeen arren. Baina, benetan eskertzekoa da jendearen inplikazioa. Bada jendea Ugaotik etortzen dena, boluntario gisa aritzeko, bizarra luzatzen uzten dutenak gero bibotetxoa egiteko…

Errealismo hori ez da arduratzekoa?

Izan daiteke. Baina jendearen inplikazioa ikaragarria da horrelakoetan, beti ere aipatutako zalantza guztiekin. Ze, egin izan dugu berba historiadore askorekin birsorkuntza bai ala ez, banalizatzeko aukera ere badagoelako, baina uste dut lortu dugula Espainian egiten den eran ez egitea, hau da, amaieran denak besarkatzen ez amaitzea. Hori da justu bilatzen ez dugun argazkia. Parte-hartzaileei errekonozimendua eskertzeko modu bat izan daiteke, baina ez antzezpenaren baitan.

Aizu eta, kasu egiten diezu komunikabideei? Jarraitzen dituzu?

Bai, badaukagu gaixotasun bat horrekin. Gainera gaur egun gertatu eta bi segundura jasotzen dugu informazio politiko guztia. Lehen albistegietara mugatzen ginen, gero tertulia politiko guztiak tragatzen genituen eta gaur egun Twitter bidez denaren berri izaten dugu.

Twitterreko eztabaidetan parte hartzen duzu?

Ez, eztabaidatzea gustuko dut, baina era serio eta landuan, eta Twitter ez da horretarako bidea. Gehiago da polemizatzeko bide bat, baina eztabaidan inor ez heltzeko bide ere bai. Zure etsai politikoari kaka sartzeko balio du, baina hori ez da nire estiloa. Nahi duenarekin eztabaidatzeko prest beti nago, baina ez inor gaizki lagatzeko asmoz.

Nola moldatzen zara gaztelaniaz?

Ohitura gutxi daukat, baina moldatzen naiz, gaztelaniaz eta ingelesez.

Opariren bat egin behar izanez gero, ze aukeratuko zenuke, liburua ala musika?

Pertsonaren arabera. Badaude batzuk liburuak oparituz gero, justu ohea altxatzeko erabiliko duena, beraz, jendearen arabera egiten ditut. Hala ere, ez naiz oso detailezalea.

Eta eguraldia jarraitzen duzu?

Ba bai, herri honetan ze erremedio! Badauzkat pare bat aplikazio mugikorrean planak egin ahal izateko.

Aplikazioak aipatu dituzula, argazkirik egiten duzu?

Instagramera igotzen ditut bai argazkiak. Tarteka eguraldiarekin lotutakoak ere igo ditut, Bergara lainotuta Elgetatik ikusita, efektu polita sortzen da.

Ea ba, busti zaitez: 2007an ANVk 172 boto, 2011n Bilduk 245, 2015ean EHBilduk?

Hasteko ez dira datu konparagarriak, baina progresio hori jarraituz gero, 350era helduko ginateke! Nik neuk uste dut Bilduren zenbakiek gorantz egingo dutela, baina egoera zeharo desberdina da. ANVren sasoia bi lista egin behar izan genituen, ANV eta ASB, ni ANVren 3. joan nintzen eta bi atera genituen, boto gutxigatik geratu nintzen zinegotzi izan barik. Orain dela 4 urte, Bildu eta Aralar-Independeteak zerrenda desberdinak ziren eta orain Aralar EHBilduren barruan dago sartuta. Gainera, ez daukagu zentzu horretan presiorik. Jendeak ratifikatzen badu egindako lana, polita izango da, baina jendearen esku dago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak