Iraitz Lazkano Garitaonaindia elgetarra aukeratu dute gaur Elgetako EH Bilduren alkategai. 35 bat lagun elkartu dira udaletxeko osoko bilkuren aretoan egindako batzar irekian, eta aho batez aukeratu dute Lazkano.
Azken batzarretan, Elgeta elgetarrekin ekimenean eta Internet bidezko inkestetan herritarrek alkategaiaren inguruan emandako iritziak hartu dituzte kontuan Lazkano proposatzeko, eta batzarrean ez da beste hautagairik aurkeztu. Ondoren, parte hartzaileen botoek berretsi egin dute elgetarraren izendapena.
Txaloak eta besarkadak jaso ditu alkategai berriak. Emandako babesa eskertu du, eta lanerako gertu azaldu da. Herri programa egiteko prozesuan herritarrengandik jasotako iritziak eta ekarpenak ere eskertu ditu.
Hain zuzen ere lantalde eta eztabaida talde ezberdinetan landutako herri programaren ildo nagusiak azaltzea eta bozkatzea izan da batzordeko lehen egitekoa, eta bertaratutakoen oniritzia jaso du aurkeztutako herri programak.
Elgetako EH Bilduk udal hauteskundeetarako zerrenda osatzeari ekingo dio orain. Baita ere batzarrean berretsitako herri programa sakon lantzeari.