Errekreazioan parte hartuko duten boluntarioak hasita daude jantziak jasotzen, eta zabalik dago izen-ematea apirilaren 19an egingo duten bazkarirako. Prezioa 13 euro da eta menua entsalada mistoa, oilasko paella, flana, kafea, ardoa, ura eta sagardoa. Interesatuek apirilaren 15era arteko epea dute udaletxean izena emateko.
Bazkariarekin batera lotarako kanpaldi libreko gunea eta autokarabanendako esparrua ere iragarri dituzte.
Errekreazioa eta omenaldia
Bizi diren gudari, miliziano eta errepresaliatuen senitartekoei omenaldia egingo diete, aurten, Elgetan. Apirilaren 19an izango da hori. Besteak beste, oroigarri moduan, Iñigo Arregik egindako burdinazko eskultura jasoko dute gerran aritu eta bizi diren euskal erresistentek.
Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak; Memoria Historikoaren alde lan egiten duten euskal erakundeek; sindikatuek eta alderdi politiko historikoek, eta Elgetako Udalak, eskualdeko eta inguruko beste udal batzuekin batera, bat egin dute erresistentzia hartatik bizirik irten ziren pertsonak omentzeko.
Omenaldia 13:00etan egingo dute Mendizaleen plazan. Aurretik, eta Intxortako Atea monumentuaren aurreko aldean Intxortako borrokaldien errekreazioa egingo dute. 11:30ean izango da hori.
Baina bezperatik hasiko dira ekitaldiak, Elgetan. Bisita gidatua, kalejira eta Oroimenaren Gaua izeneko jaialdia egingo dituzte. Kontzertua 20:00etan hasiko da eta bertan izango dira Indarrap (Gasteiz), MKSoldierZZ (Bilbo), La Medizinah (Bilbo), Bastard's Noise (Bilbo). Sarreraren prezioa bost euro da.
Egitaraua
Apirilak 18, zapatua:
18:00: Elgetako kaleak gerra sasoian bisita gidatua.
18:00: Kalejira Antifaxista orkestra elektro txarangarekin.
20:00: Oroimenaren Gaua kontzertua Espaloian (Sare Antifaxistak antolatuta).
Apirilak 19, domeka:
10:30: Harrera.
11:00: Gudarien igoera lubakietara.
11:30: Errekreazioa Intxortako atean.
12:30: Martxa Elgetara.
13:00: Bizi diren gudariei eta milizianoei omenaldia plazan.
15:00: Bazkaria.
Egun guztian zehar:
Memoria Historikoko taldeen materialaren azoka; trikitilariak; Mugarik gabeko txuntxuneroak; puzgarriak, umeen gunea e.a.