Herritarrendako 50 metro koadroko 30 ortu ipiniko dituzte Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko mar. 24a, 16:56

Udalaren eskutik, Elgetan egingo du Ekogunek Gipuzkoako hamabigarren Baratze Parkea. Atzo aurkeztu zuten ekimena. 50 metro koadroko 30 lursail dituzte interesa duten herritarrei eskaintzeko. Zaintza ekologikoa beharko dute ortuek eta lehen landaketak maiatzean egitea da asmoa.

Ekogunek hamaika Baratze Parke ditu Gipuzkoan. Asmoa da Elgetakoa, hamabigarrena, maiatzerako martxan egotea. Astelehenean aurkeztu zuten ekimena Ekoguneko ordezkari Amalia Britosek, Kimu Bat enpresako Mitxel Igarataundik, eta Elgetako alkate Oxel Erostarbek. "Aste Santu ostean hasiko ditugu lanak, eta asmoa da maiatz hasieran ortuak prest egotea", esan du Oxel Erostarbe alkateak.

Baratze zaintza ekologikoa

Elgetako Baratze Parkean zaintza ekologikoa egin beharko da, eta nork bere kontsumorako. 50 metro koadroko 30 lursail eskaintzen ditu Udalak. Bost urterako esleipena izango da, eta urteko kuota ehun euro ingurukoa. Elkarte bat sortu beharko dute baratzezainek, eta Udalak adostutako arautegi batean jasoko dira horien eskubideak eta betebeharrak.

Formazioa eta aholkularitza

Baratzezain berriek bost bat orduko ikastaroa jasoko dute hasieran, eta Kimu Bat enpresaren aholkularitza izango dute, gutxienez, urtebetean. "Oso lur sail polita da. Bertako lurra da, lehen baratze izandakoa eta egutera: eguzkiak goizetik iluntzera arte jotzen du", esan du Kimu Bat enpresako ordezkari Mitxel Igarataundik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak