Umore azkarra eta ausarta iragarri dute Elgetako III. Monologo Mostrarako

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko urt. 21a, 20:00

Otsailaren 20tik aurrera Quequé, Iñaki Urrutia eta Juan Jose Vaquero umoristak izango dira Elgetan, besteak beste.

Lehen lerroko umoristak izango dira, aurten ere, Elgetan. Gaur, eguaztena, aurkeztu dute III. Monologo Mostra. Ttipia kultura sustapenetako ordezkariak, Espaloia kafe antzokiko kudeatzaile Batirtze Arantzabal eta Elgetako alkate Oxel Erostarbe izan dira aurkezpenean.

Jakitera eman dutenez emanaldiak barikutan eta zapatutan egingo dituzte, 22:30ean. Mostra zabaltzeko, Iñaki Urrutia eta Juan Jose Vaquero iragarri dituzte otsailaren 20rako eta 21rako. Quequé umorista entzutetsuak hartuko du lekukoa otsailaren 27an eta 28an, eta Mostra ixteko Maribel Salas, Asier Hormaza eta Gemma Martinez gonbidatu dituzte Elgetara martxoaren 6rako eta 7rako.

Publikoa bidelagun

Monologo Mostrak bere bidea egin du aurreko bi urteetan. Harrera ona izan du hasieratik, eta bultzatzaileen erronka nagusia mailari eutsi eta kalitate oneko ikuskizunak eskaintzen jarraitzea da. Hala, estilo eta jatorri ezberdineko sei umorista famatu aukeratu dituzte aurtengo Mostrarako. "Aurten ikusi ahal izango duzuenak zer ikusi handia du aurreko urteetan ikusitakoarekin. Gure ideia bide beretik jarraitzea da, kalitatean apustu handia eginez. Hor jarriko dugu gure indar guztia", esan du Ttipia sustapenak taldeko Asier Alvarez de Arkaiak.

Elgetako alkate Oxel Erostarbek ere ekintzaren inguruko balorazio positiboa egin du. "Aurreko Mostrak arrakastatsuak izan dira. Ehunka lagun etorri dira Elgetara, Espaloia kafe antzokira. Aurtengo monologisten kalitatea ikusita aurreikuspena da, beste behin, berdin gertatzea".

Sarrerak salgai daude Espaloian, Bergarako Pol Pol tabernan zein kulturalive atarian. Prezioak 12-15 euro artekoak dira. Mostra osorako bonoa ere eros daiteke 30 euroko prezioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak