Ferixa Nagusixarekin eman diete amaiera Elgetako festei

Maialen Torres 2014ko uzt. 7a, 17:00

Ekintzaz betetako asteburuaren ondoren, atzo esan zieten agur Elgetako jaiei. Urteroko ohiturari eutsiz, Ferixa Nagusixa izan zen atzoko eguneko protagonista, eta jende ugari batu zen bertako produktuak eta ganadua ikuskatzera.

Atzokoa egun handia izan zen Elgetan. Izan ere, ohiturari eutsiz, feria izan zen plaza inguruko kaleetan. Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako saltzaileak izan ziren azokako postuetan, baita bertakoak ere. Produktu eskaintza, beraz, oso zabala izan zen. Arreta gehien animaliek erakarri zuten, baina gehien zaldu zirenak bertako produktuak izan ziren, batez ere jatekoak.

Zoritxarrez, ordea, uste baino lehenago eman behar izan zioten amaiera Ferixa Nagusixari, euriagatik. Dena den, eguraldi txarrak ez zuen elgetarren festa gogoa apaldu eta arratsaldean ere ospakizunekin jarraitu zuten. Besteak beste, buruhandiak, Kukai dantza konpainiaren "Gela Jauziak" ikuskizuna eta txitxiburduntzia izan ziren. Azkenik, gaztetxeko kontzertu akustikoarekin eman zioten amaiera festetako egitarauari.

Ekintzaz jositako asteburua izan dute, hortaz, elgetarrek. Egubakoitzean, haur eta erretiratuen egunean, herri bazkariak izan ziren gazte zein helduentzat, eta, arratsaldean, puzgarriak eta buruhandiak izan ziren nagusi. Zapatuan, berriz, asto karrera egin zuten goizean. Ondoren, haur jaioberriei ongietorria egin zieten eta iluntzean ere giro aparta izan zen erromerian. Aurtengoz, beraz, bukatu dira Elgetako festak, baina batzuk dagoeneko datorren urtekoen zain daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak