Txapelketak Euskal Herri osoko profesionalak bilduko ditu, baina karabinarik ez dutenek ere parte hartu ahal izango dute. Josu Hernaltes Noricako zuzendari komertzialak adierazi duenez, "karabina herritarrei gerturatzea" dute helburu, besteak beste. Horrez gain, enpresari bultzada eman nahi diote ekimenaren bidez "hasiberriak gara horrelako txapelketen antolaketan, baina ausartu egin gara, Noricari bultzada eman nahi diogulako. Karabina gehiago egin nahi ditugu, eta lanpostu berriak sortu" esan du Fernando Rodriguez Noricako aholkulariak.
Sekula tiro egin ez dutenek aukera ezin hobea izango dute karabina probatzeko, goizeko hamarretan hasita, Elgetako frontoia guztiz egokituko baitute horretarako. Tiro mahaiak eta dianak prestatuko dituzte, eta, horrez gain, karabinak eta munizioa ere izango da eskuragarri. Gainera, parte hartzaile guztiek asegurua izango dute. Hernaltesek esan duen moduan, "parte hartzaileek izena emateko bost euroko ordaindu besterik ez dute, karabina tiroaz gozatzeko".
Armen erabilera eztabaida sortzen duen gaia bada ere, antolatzaileek argi utzi nahi dute karabina tiroak ez duela inolako kalterik eragiten eta gainera, segurtasun neurriak bermatuta egongo direla. Patxi Alonso Euskadiko Tiro Olinpiko Federazioko lehendakariak bereziki azpimarratu nahi izan du segurtasunaren garrantzia: "parte hartzaileak armen erabilerari dagokionean hezi nahi ditugu, segurtasunean arreta jarriz. Beti esan ohi dugu garrantzitsuena segurtasuna dela, eta dibertsioa ondoren datorrela".
Txapelketaren lehen edizioa denez, antolatzaileek ez dakite zenbateko oihartzuna izango duen, ezta izena zenbat jendek emango duen ere. Hori dela eta, Elgetako eta inguruetako herritarrei domekan Elgetara gerturatzeko deialdia egin diete. Domekako saioa arrakastatsua izaten bada, datorren urterako maila igotzea espero dute antolatzaileek: tirogile profesional gehiago erakartzea eta euskadiko txapelketarako puntuagarri bihurtzea.
Sariak
Jendea parte hartzera animatzeko, sari bereziak jarri dituzte antolatzaileek. Izan ere, 75 eta 200 euro arteko sari ekonomikoaz gain, sarituek karabina bana eramango dute etxera.
1. Maila: 400 eurotik gorako balioa duten karabinak
- 1. saria: 200 euro + Hawk GRS karabina
- 2. saria: 150 euro + Spider GRS karabina
- 3. saria: 100 euro + Dragon karabina
2. Maila: 400 eurotik beherako balioa duten karabinak
- 1. saria: 1500 euro + Hawk GRS karabina
- 2. saria: 100 euro + Spider GRS karabina
- 3. saria: 75 euro + Dragon karabina