ALBISTEAK

Goienakideek egubakoitzean jasoko dute 2027ko Goiena egutegia postontzian

Larraitz Zeberio Lekuona

Laugarren urtez jarraian, etxeko eta lantegiko paretak janzteko oparia jasoko dute Goienakideek. Aurten, gainera, berrikuntza nabarmenarekin dator egutegia: tamaina handiagoa du. Egutegiko argazkietan, berriz, Debagoieneko gastronomia produktuak eta ekoizleak agertzen dira. 

Goienak egubakoitzean banatuko du 2027ko egutegia. Postontzian jasoko dute Goienakideek eta tokiko ekoizleak zein produktu gastronomikoak dira protagonista egutegiko hamabi argazkietan.

"Aurten ere, hilabete bakoitzeko argazki bat jasotzen du egutegiak. Argazki zainduak dira, komunitateko kideekin egindakoak. Honako honetan Debagoieneko jakiak eta ekoizleak dira protagonista", azaldu du Goienako Josu Bilbaok.

Hala, hilabetez hilabete bailarako produktu gastronomikoen eta bertako ekoizleen lanaren erakusleiho txiki bat izango dute Goienakideek paretan zintzilik. Askotariko ekoizleak agertzen dira. Etxe ateak zabaldu dizkiote Goienari eta Goienakideek urte osoan zehar izango dituzte presente egutegiaren bitartez.

Bailarako jaiak egutegian

Gainerakoan, betiko osagaiekin hornituta dator 2027ko alea. Bertan jasota daude Euskal Herriko jaiegunak, egun bereziak, tenporak eta ilargiaren aldiak. Baita ere Debagoieneko bederatzi herrietako, auzoetako eta kaleetako jaiak.

Goienakide diren guztiek jasoko dute 2027ko egutegia etxeko postontzian. Eta Goienakide egin nahi izanez gero erraza da bidea. Idatzi berriak@goiena.eus helbidera edo deitu 688 69 00 07 zenbakira

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak