DATUETATIK TIRAKA Azaroak 25 (2026)

Miren Elgarresta: "Indarkeria matxistaren aurrean paper aktiboa hartzera bultzatu gura dugu"

Mirari Altube Arrese

Emakundeko zuzendari orokor Miren Elgarrestak azaroaren 25aren inguruko mezua izan du hizpide: Indarkeria matxistaren aurrean, zure lekuak axola du. Norberak hautatutako paperak zeresana baduela gogorarazi du eta paper aktiboa hartzera gonbidatu.

Datuen arabera, salatutako kasuen eta biktimen kopuruak gora egin du baina Elgarrestaren esanetan datuok ez dute erakusten kasu gehiago, salaketa gehiago baizik: "Horren atzean badaude faktore batzuk; batetik, gizartearen sentsibilizazio handiagoa orain; bestetik, zerbitzu eta baliabide gehiago izatea; eta kasu gehiago ezagutzea". Eta gaineratu du, emakumeek ulertzen dutela "giza eskubideen urraketa bat dela" indarkeria matxista, eta are ausartagoak direla. "Bestalde, belaunaldi berriek, emakume gazteek, tresna gehiago izan dituzte euren ahalduntzerako". 

Hala ere, ezkutuan mantentzen diren kasuak oraindik gehiago direla onartu du: "Benetan arazo potoloa dugu gure gizartean, egiturazkoa da. Salatzen diren kasu horiek izebergaren punta besterik ez dira, azpian kasu asko daudelako".

Gazteen kasuak

Gazteengan fokua jartzearekin adi ibili behar dela adierazi du: "Ardura larregi jartzen dugu haien bizkarrean. Baina egia da gazteengan ikusten dugula kasu gehiago". Horren atzean dauden faktoreak aipatu ditu: "Belaunaldi berriak eremu digitalean erabat hezita daude eta espazio digital hori bilakatu da errealitate. Hor kontsumitzen dituzte edukiak eta batzuk ez dira hain egokiak". Eta horien artean aipatu du pornografia biolentoa, "gazteengan sekulako eragina" duena.

Horri aurre egiteko hezkuntza berebizikoa dela dio: "Hezkuntza diogunean eskolatik harago bilatu behar dira prebentzio espazioak: familian lehenengo, eskolan gero, baita aisialdi esparruetan ere, kirolean, esaterako. Eta horietan sustatu errespetuzko balioak, solidaritatea, enpatia…".

Gizartean gaiarekiko sentsibilitatea areagotu egin dela uste du baina mehatxuak ere egon badaudela dio, "inboluziorako faktoreak" ikusten direlako: "Horren aurrean erne eta adi egon behar dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak