Euskarazko sorkuntza sustatu eta erakusteko topagune nagusia da Durangoko Azoka. Sortzaileen lanek askotariko estilo eta diziplinak bilduko dituzte aurten ere. Liburuak, musika, ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak, ilustrazioa eta teknologia izango dira azokako zortzi guneetan. Landako Gunean 286 erakusmahai egongo dira , 174 partaiderekin. Bertan, azken urtean argitaratutako 1.098 kultur nobedade eskuratu ahalko dira: 681 liburu, musikarekin lotutako 177 lan, 57 aldizkari eta 156 argitalpen.
Gaur, azaroak 17, aurkeztu dute Durangoko Azokako webgunean ikusgai dagoen egitaraua, Durangoko Musika Etxean. Bertan izan dira, Beñat Gaztelurrutia, Gerediaga elkarteko eta Durangoko Azokako koordinatzailea; Gotzon Barandiaran, Ahotsenea guneko arduraduna; Andoni Urzelai, Irudienea guneko arduraduna; Diana Franco, Kabia guneko arduraduna; Itxasne Arabiourrutia, Saguganbara guneko arduraduna; eta Maider Larrañaga, Szenatokia gunek arduraduna. Baita Azoka Telebistako Aitor Agiriano eta Zu Non Han DA! egitasmoaren koordinatzaile Amaia Egidazu.
Gaztelurrutia izan da hitza hartu duen lehena, eta hark euskal sortzaileen lanari balioa eman nahi izan dio: "Sortzaileen ekarpenari esker, egitarau askotarikoa eta aberatsa izango dugu aurtengo Durangoko Azokan. Horregatik, jaialdi honetan murgiltzeko eta arakatzeko deia egin nahi diegu herritar guztiei, bai ohiko bisitariei, bai kulturazale berriei. Izan ere, Durangoko Azoka ezagutzen duguna eta askoz gehiago da". Horrez gain, eskerrak eman dizkie azoka posible egiteko lanean diharduten eragileei ere.

Iazko bide beretik
Iaz, Kulturaren Jaialdi izendapena eman zioten Durangoko Azokari, hainbat berrikuntza txertatuz. Bebagailua eta Atartea guneak sortu zituzten eta iluntze eta gauetan, kontzertu eta ikuskizunak antolatu. Hala, azokako ateak itxi ondoren ere egitarauak jarraipena izango du. Abenduaren 4an Beire eta Txopet taldeak ariko dira; 5ean, Mikosis eta TOC; 6an, Peiremans; eta 7an, Musika Berria jaialdia izango da, Verde Prato, Silitia eta Malakias taldeekin. Kontzertuekin batera ikuskizunak ere izango dira: abenduaren 5ean,Izanen GA! errezitaldia eta Gabriel Aresti Mug(H)arri pieza eszenikoa; 6an, Oraingoz izen gabe filma; eta 7an, Maitasuna ez da nahikoa manifestu poetiko musikatua.
Guneak ere iazko berak izango dira, zortzi guztira: Talaia, Berbagailua, Atartea, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia. "Horrelaxe osatu dugu egitarau eder bat. Guztira, 311 ekitaldi programatu ditugu”, azaldu du Gaztelurrutiak.
Bertaratzeko deia
Abenduaren 4an hasiko da 61. Durangoko Azoka, Ikasle Goizarekin. Egun horretatik aurrera eta bost egunez, Kulturaren Jaialdia piztuko da Durangon. Gainera, GOIENAk kudeatzen duen Azoka Telebistak magazina ekoiztuko du egunero. Ezer ez galtzeko ordea, Azokara joatea izango da aukerarik onena. "Durangoko Azokara datorren %90a aurretik ere etorri izan da hona. Urtero dago %10 berri bat, esperientziara gehitzen dena; orain arte etorri ez denak beraz, oraintxe du aukera", esan du Gaztelurrutiak.
Durangoko Azokako ateak egunero 10:30ean irekiko dituzte, eta 20:00etan itxi, abenduaren 8an izan ezik; azken egun horretan 18:00etan amaituko da.