Genero identitatea, queer teoria, trans komunitatea... Gero eta gehiago entzuten diren berbak dira, baina, aldi berean, handiak dira oraindik ere horien bueltako ezjakintasuna eta desinformazioa. Bada, ikasketa prozesu baten lehen urratsa izate aldera, Goienak trans errealitateak ezagutarazteko eta trans pertsonengana gerturatzeko ahalegin berezia egin du. Hala, Trans errealitateak, gertutik: entzun, ezagutzeko izeneko erreportajea landu du. Hilaren 18an estreinatuko dute, Goiena telebistan, 20:00etan eta 22:00etan. Era berean, hilaren 20ko Puntua aldizkaria ere hurbilduko da trans errealitateetara. Larraitz Zeberio Lekuona kazetaria eta Jagoba Domingo Arantzabal teknikaria arduratu dira hainbat ahots batzeaz. "Oso aberasgarria izan da trans kolektiboko kideengana gerturatu eta haien ahotik entzutea nola bizi diren, zein eragin duen haiengan gero eta polarizatuagoa dagoen gizarte honetan zabaltzen diren mezuek, eta zein kezka eta amets dituzten aurrera begira", azpimarratu du Zeberiok.
Hiru trans pertsonarekin egin dute berba, baita erakundeetako ordezkariekin ere
Hainbat ahots
Hainbat ahots jaso ditu Goienak erreportaje berezirako. Alde batetik, trans pertsona diren Yuri Paramos, 25 urteko oñatiarra; Ixotz Louyest, 43 urteko bergararra; eta Ane Arregi, 51 urteko arrasatearra. "Diskriminazioak eta ukazioak eragiten dituen ondorio larriei buruz aritu zaizkigu Ixotz, Ane eta Yuri, eta bat datoz trans komunitateko kideen ongizaterako lanean diharduten hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariak", azaldu du Zeberiok. Azken horietako ordezkariak izan dira Naizen elkarteko bideratzaile Bea Sever; Eusko Jaurlaritzako Aniztasun, Bizikidetza eta Belaunaldiarteko Elkartasun zuzendari Aranzazu Chacon Ormazabal; eta EHUko irakasle eta ikertzaile Olatz Etxebarria Perez de Nanclares. "Genero berdintasuna egongo balitz, trans errealitateek ez lukete inolako arazorik sortuko. Generoa, arrazakeriarekin batera, mailaketa sozial bat ezartzeko erabiltzen da", aipatu du azken horrek.
Administrazioan, osasungintzan eta hezkuntzan dagoen egoera jaso gura izan du Goienak. Horrekin batera Trans Legearen eraginari, adierazpen askatasunaren auziari eta gero eta polarizatuago dagoen gizartean hedabideek duten egitekoari buruz aritu dira. "Arazo guztien oinarria informazio falta da. Kolektibo txikia da, eta ezjakintasuna, handia. Gerturatu, eta entzun trans pertsonek zer duten esateko", azpimarratu du Bea Severrek.
Trans kolektiboak babes juridikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan. Eusko Legebiltzarrak 2024ko otsailaren 15ean onartu zuen Trans Legea. Babes zabalarekin, gainera: EAJren, Euskadiko Alderdi Sozialistaren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUren babesa du. "Eskubideak aitortzen eta zerbitzuak antolatzen dituen lege bat funtsezko mugarri izan da kolektiboa ikusezintasunetik ateratzeko", gaineratu du Aranzazu Chacon Ormazabalek.
Hilaren 18an bi emanaldi egingo dituzte telebistan; 20:00etan eta 22:00etan
Ingurunea aldeko denean
Norberaren izaeraren ukazio jarraituak ondorio larriak izan ohi ditu. Aldiz, agerikoa da ingurunea aldekoa denean kolektiboko kideen bizipenak oso bestelakoak direla. Horren adibide da Naizen elkarteko Debagoieneko familia bat. "Gurasoen zein alabaren testigantza jasotzeko aukera izan dugu. Pozik bizi da nerabezaro atarian den alaba. Bost urterekin egin zuen igarotze-prozesua, eta ez du inolako arazorik ez eskolan, ez lagunartean, ez eta egiten dituen bestelako jardueretan, eta horrela jarraitzea nahi dute. Jakin badakite, ordea, pertsona bakar bat nahikoa dela min handia egiteko eta testigantza eman badute ere anonimotasuna mantentzeko eskatu dute", azaldu du Zeberiok.
Ahotsa hartzearen ondorioen beldur
Uztail hasieran ekin zion Goienak trans kolektiboko kideengana hurbiltzeko ariketari. "Tokiko hedabide bat gara eta eskualdeko kideengana jo dugu. 25 bat lagunengana heldu gara, eta Ixotzi, Aneri eta Yuriri esker ikusiko du argia erreportaje berezi honek. Ez zuen zentzurik kolektiboko kideen ahotsik jasotzen ez bazuen", esan du Zeberiok. Gaineratu du kamera-aurrean agertu ez, baina erreportajea egiten laguntzeko prest azaldu direla kolektiboko kide asko. "Jaso dugun mezua izan da garrantzitsua zela erreportajea egitea. Behin baino gehiagotan esan digute. Tamalgarria dena da publikoki agertzeak izan ditzakeen ondorioen beldur izatea kolektiboko kide asko. Zalantza barik, ematen du zer pentsatua".