Lorez apaindu dituzte hilerriak, Domu Santu Egunean

Koldo Zubia Salas

Herritarrak Oñatiko hilerrian; gaur, Domu Santu Egunean.

Azaroaren 1a Domu Santu Eguna da eliza katolikoarendako, eta hildakoak oroitzeko eguna herritarrendako. Gaurko egunez hilerrira joatea, urteroko egin beharretako bat izaten da debagoiendar askorendako; senide eta lagunen hilobia lorez apaindu eta familian elkartzeko aukera ematen baitu.

Domu Santu Eguna da gaurkoa, hildako senide eta lagunak oroitzeko eguna. Debagoienean, beste leku askotan bezala, goizean goizetik hurbildu da jendea hilerrietara, loreak eskaintzera. Hala ere, hainbatek aurretik hilobiak apainduta utzi dituzte; egun bat edo bi lehenago hilerrira etortzea ere aukera bat bihurtu delako. 

Jendea hurbildu ahala kanposantuak erakusleiho eder bihurtzen joaten dira. Norberaren loreak eskaintzearekin batera, beste hilobiak nola gelditu diren ikustea izaten da askorendako goiz pasa; egunak duen oroimen izaera ahaztu gabe.

Jende ugari

Aurten, Oñatin izan da GOIENA, jende ugari izan da bertan. Asko herrikoak izan dira, baina kanpotik etorritako jendearen emaria ere esanguratsua izan da. "Ez naiz hemen bizi, baina nire gurasoak hemen ditudanez urtero etortzen naiz bisita egitera", esan du herritar batek. Hala, hilerriko urteroko bisita, familian elkartu eta lore-sorta dagokion hilerrira eramateko aitzakia izaten da askorendako. Beste batzuek, aldiz, maiz egiten dute hilerrira bisita: "Oñatiko hilerriaren kokapenak lagundu egiten du; leku garbi eta polita da, eta bertatik paseoa egiten dudanean sartzen ohi naiz nola dagoen ikustera". Bakoitzak bere modura egiten du, baina hildakoak gogoan dituzte guztiek. 

Oñatikoa bakarrik ez, Debagoiena osoko hilerriak lorez apainduta gelditu dira. Gaurko egunez, elizkizunak ere izan dira, eta hilerriak zabalik egongo dira iluntzera arte.

Erlazionatuak

Domu Santu Egunak utzitako irudiak

Koldo Zubia Salas aza 01, 15:45 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak