Osakidetzako langileen lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da osasun-sistema publikoaren kalitatea bermatzeko. Helburu horrekin, SATSE, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek mobilizazioak eta greba-egunak deitu dituzte, langileen eskubideak defendatzeko eta Osakidetzaren egoera hobetzeko.
Greba-egunak urriaren 30ean eta abenduaren 9an, 10ean, 11n eta 14an izango dira, lurralde historikoen arabera antolatuta. Urriaren 30ean eta abenduaren 14an greba Osakidetza osoan egingo dute; abenduaren 9an, Araban; 10ean, Bizkaian; eta 11n, Gipuzkoan. Horrez gain, lan-zentroetan elkarretaratzeak egingo dituzte, langileen aldarrikapenak plazaratzeko eta Osakidetzari negoziazioetan aurrerapausoak emateko eskatzeko.
Akordioa eguneratzeko eskaera
Sindikatuen aldarrikapen nagusietako bat lan-baldintzen akordioa berritzea eta negoziazioari berehala ekitea da. Haien arabera, 18 urtetik gorako negoziazio-epea igaro da, eta beharrezkoa da akordioa eguneratzea eta langileen beharrei erantzungo dien proposamen bat adostea.
Horrez gain, langileen ordainsariak eguneratzea eta galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eskatzen dute, baita asteko lanaldia 35 ordura murriztea edo lehengoratzea ere. Lizentzien eta baimenen arloan aurrerapausoak ematea eta profesionalen arteko desberdintasunak ezabatzea ere aldarrikatzen dute, irizpide bateratuak aplikatuz.
Lantaldearen beharrei dagokienez, langile kopuru egokia bermatzeko azterketa egitea eta ordezkapenak lehen egunetik betetzea eskatzen dute sindikatuek. Belaunaldi-erreleboa sustatzeko eta talentua erakartzeko plan bat ezartzea ere proposatzen dute. Era berean, aparteko orduak eta autokontzertazioa pixkanaka murriztea eta Lehen Mailako Arretaren eredu berria garatzea nahi dute.
Bestalde, pribatizazioaren eta kanporatze-prozesuen aurkako neurriak hartzea, lan-kargak arintzea eta arrisku psikosozialak murriztea eskatzen dute. Horrez gain, euskararen erabilera sustatzea eta langileen zein herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea aldarrikatzen dute, baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean aurrera egitea ere.
Azken batean, sindikatuen helburua da Osakidetzako langileen lan-baldintzak duintzea, beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak bermatzea eta herritar guztiei kalitatezko osasun-arreta publikoa eskaintzea.
Negoziazioen egoera
ELAko ordezkari Idoia Elustondok salatu duenez, "lan-baldintzen akordioa berritu gabe" dago: "Urteak daramatzagu negoziazioetan aurrerapausorik eman gabe". Horregatik, sindikatuak Osakidetzari eskatu dio "langile guztien beharrei erantzungo dien proposamen zehatza" aurkezteko. Elustondok kritikatu egin du, halaber, akordioaren artikuluak banan-banan negoziatzeko proposamena, horrek "prozesua gehiegi luzatzeko arriskua" duela iritzita.
Bestalde, LABeko ordezkari Roberto Guimerrek salatu duenez, "negoziazio-mahaia ez da emaitzarik ematen ari", eta Osakidetzak "ez du egoera aldatzeko borondate argirik erakusten".
Grebaren eragina
ELAko ordezkari Idoia Elustondok ohartarazi duenez, greba-egunek osasun-zerbitzuen ohiko jardunean eragina izan dezakete. Haren hitzetan, Lehen Mailako Arretan "jardueraren murrizketa nabarmena" gerta daiteke langileek grebarekin bat egiten badute. Hala ere, gutxieneko zerbitzuak bermatu beharko direnez, osasun-zentroek ez dute jarduera erabat etengo.
Ospitaleetan ere grebaren eragina nabaritu daiteke. Elustondok azaldu duenez, gutxieneko zerbitzuek langile askoren jarduna baldintzatuko dute. Debagoieneko Ospitalean, esaterako, profesional askok gutxieneko zerbitzuetan lan egin beharko dute, eta horrek "grebarekin bat egiteko aukera mugatuagoa" ekarriko die.
Horrez gain, ohiko jardueran hainbat aldaketa gerta daitezke. Besteak beste, "premiazkoak" ez diren ebakuntzak bertan behera gera daitezke, eta kanpo-kontsultetan atzerapenak edo aldaketak izan daitezke. Horrenbestez, grebaren ondorioak pazienteengan ere nabaritu daitezke.