Kooperatibaren xedea egokitu eta zabaldu egin du Leintz Bailarako Ekiolak

Ibai Irasuegi Garai

Atzoko Ekiola kooperatibaren Batzar Orokorreko une bat.

Leintz Bailarako Ekiolak ez-ohiko batzar orokorra egin zuen atzo arratsaldean. Kulturateko Areto Nagusian izan zen, eta bazkideentzat zuzenduta egon zen batzarra.  Guztira hamahiru puntu aztertu eta bozkatu zituzten, eta, besteak beste, kooperatibaren xedea egokitu, zabaldu eta estatutu aldaketak onartu zituzten. 

Iñaki Aranburuk, Ekiola kooperatibako presidenteak, azaldu duenez, Batzar Orokorraren funts nagusia izan zen energia autokontsumoaren eredura pasatzea, eta aldaketa horren aurrean bazkideen artean zenbait puntu zehaztea. Autokontsumo energetikora pasatzeko arrazoi nagusia "soberakinen prezioen jaitsiera" dela nabarmendu du Aranburuk: "Gure Garaiako instalazioak hasieratik izan duen eredua sorkuntza izan da, baina soberakinak eraginez. Soberakin horiek prezio erakargarri batean ordaintzen ziren duela urte batzuk, baina urteen jaisten joan dira, eta orain ekonomikoki ez dute eragin handirik izaten". 

Autokontsumo energetikora

Aldaketaren aurrean, "autokontsumo eredura pasatzeak" kooperatibari eragin dio proiektuaren lehen urteetan sortu ziren alde legalak eta administratiboak eguneratu beharra. Hori horrela, kooperatibara energia autokontsumora aldatzeko "barruko arauak" eta "egiturak" egokitu behar izan dituzte. Atzo arratsaldeko batzarra baliatu zuten arau eta egitura horiek egokitzeko, eta Aranburuk adierazi duenez, egokitzapen nabarmenenak "xede sozialean" egin zituzten: "Azkenean, gure xede soziala idatzi genuenean ez genituen bazkiderik eta ezta instalaziorik ere. Une horretan egin zena egokitu behar izan dugu. Hori horrela, autokontsumora pasatzeko asmoa izanda, ulertzen dugu xede sozialak emango dizkigula etorkizunerako abantailak".

Aho batez onartuak

Guztira, hamahiru puntu aztertu zituzten; guztiak aho batez onartu zituzten. Hain zuzen ere, aurreko aktaren onarpena berrestea; Akta onartzeko bazkideak izendatzea; autokontsumo eredura aldatzeko akordioa onartzea; proposatutako estatutu-aldaketak aztertzea eta onartzea; Baldintza orokorretan eta partikularretan proposatutako aldaketak aztertzea eta onartzea; Baldintza berriak sinatzeko prozesua azaltzea; kuota bidezko finantzaketa-sistema berria onartzea; Bazkideen partaidetza-ehunekoa murrizteko akordioa azaltzea; Bazkide berrientzako nahitaezko eta borondatezko ekarpenen kontzeptuan zenbatekoak onartzea; energia banatzeko irizpidea onartzea, autokontsumoaren kudeatzailea izendatzea eta Zaintza Batzordea izendatzea.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak