Aurretiko hitzordurik gabe txertoa jartzeko aukera dago Arrasateko Ospitalean urria amaitu artean. Gripea eta COVID-19aren aurkako biak, edo bi txertoetako bat jartzeko aukera dago, eta, momentuz, 955 debagoiendarrek baliatu dute aukera. Edonork jar dezake txertoa, baina aukera baliatu duten gehienak, 75 urte baino gutxiagoko pertsonak izan dira; 707 guztira. Izan ere, 75 urtetik gora dutenek txertoa jartzeko beste bide batzuk ere badituzte: Arrasateko Ospitaleak esfortzu berezia egiten du urtero kanpaina auzo jakin batzuetara eta adineko egoitzetara eramateko.
Bestalde, lehenengo eguna eta urriaren 20koa izan dira momentuz arrakastatsuenak: egun horietan 256 eta 260 lagun hurbildu ziren, hurrenez hurren, Arrasateko Ospitalera txertoa jartzera. Aste amaierarekin batera kopuru hori jaitsi egin bada ere, erizain zuzendari den Alazne Zubiaurre pozik agertu da herritarren erantzunarekin: "Guretzat ere berria izan da hitzordurik gabeko txertaketa, eta, egia esan, lehenengo astea oso ondo joan da. Osasun zentroetako agendak ere beteta daude; pozik gaude beraz".
Arrasateko Ospitalea, aurretiko hitzordurik gabeko txertoa jartzeko aukera ematen duen sei zentroetako bat da Gipuzkoan. Urriaren 30era arte –ostirala– jarri ahalko da. Hona hemen xehetasunak:
- Txertoa jartzeko lekua: Kanpo kontsultetako eraikina – beheko solairua
- Ordutegia: Astelehenetik ostiralera, 14:00etatik 19:00etara.
Birusari aurre hartzea helburu
Kanpainaren baitako berrikuntza honen helburua, gripearekin lotutako konplikazioei, ospitaleratzeei eta heriotzei aurre hartzea da. Era berean, ohartarazi dute txertoa jartzea bereziki gomendatzen zaiela 60 urte edo gehiagoko pertsonei, gaixotasun kronikoak dituztenei, haurdun dauden emakumeei eta sei hilabete eta bost urte bitarteko haurrei.
Urriaren 5ean hasi zen kanpaina, eta hitzordurik gabeko txertaketa amaitzean ere txertoa jartzeko aukera egongo da Gabonak artean. Gaur gaurkoz, Debagoieneko datuei erreparatuz, 8.437 pertsonek jarri dute txertoa Arrasaten, Bergaran 5.988k, Oñatin 3.900ek, eta Aretxabaleta eta Eskoriatzan, 3.636k. Horiek guztiak batuta, 21.961 ematen dute. Zenbaki onak badira ere, oraindik jarri ez dutenei gonbita luzatu die Zubiaurrek: "Debagoieneko jendea txandarik gabeko txertaketa gunera etor dadila; guztiendako txertoak ditugu eta. Gainera, arratsaldeko 19:00ak arte arazo gabe egin daiteke".
Hala ere, azaroaren 2tik aurrera, gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoa hartzeko aukera badago, osasun-zentroan bertan jakinarazita, Osakidetzaren webgunearen bidez edo 900 20 30 50 telefono-zenbakira deituta.
EAEn, 18.500 pertsona baino gehiago
Osakidetzak 18.500 pertsona baino gehiago txertatu ditu urriaren 19tik 22ra bitartean EAEko txerto-guneetan; horietatik ia erdiek COVID-19aren aurkako txertoa ere hartu dute. Kanpainaren hasieratik, Lehen Mailako Arretan emandako dosiekin batera, gripearen aurkako 336.000 dosi baino gehiago eta COVID-19aren aurkako 202.000 inguru eman dira. Aurreko kanpainarekin alderatuta, txertaketa % 15 handitu da gripearen kasuan eta % 20 COVID-19arenean. Osasun Sailak txertoa hartzen jarraitzeko deia egin du, bereziki pertsona ahulenak babesteko.