ALBISTEAK

Aurreikusi baino ia 766 mila euro gehiago Debagoieneko udalentzat Foru Funtsetik

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

7.080 milioi euroko diru-bilketarekin itxi dezake urtea aurten Gipuzkoak, iaz baino 355 milioi euro gehiago bilduta. 

Joan den egubakoitzean, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Itziar Agirre Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak aurtengo eta datorren urteko diru-bilketaren aurreikuspenen berri eman zuten. Gasteizen egindako Herri Dirubideen Euskal Kontseiluan, eta aztertutako datuen arabera, Gipuzkoak 2026a 7.080 milioi euro inguruko diru-bilketarekin ixtea espero du, egindako aurreikuspenak baino %1,3 gehiago. Iazkoarekin alderatuta, berriz, bilketa %5,3 handitzea aurreikusten da; hau da, 355 milioi euro gehiago biltzea.

Mendozak nabarmendu du Gipuzkoako "ehun ekonomikoa indartsu" dagoela eta "dinamismo positiboari eusten" ari zaiola. Bilketa-aurreikuspenen hobekuntzak udalerrietan ere izango du eragina, herritarren zergen bidez bildutako diruaren zati bat udalei banatzen baitie, Foru Funtsaren bidez. Funts hori udalek jasotzen duten diru-iturri nagusietako bat da; udal zerbitzuak eta herrietako eguneroko jarduna finantzatzeko ezinbestekoa. 

Udaleko aurrekontuen oinarri

Udala Finantzatzeko Foru Funtsak (UFFA) 730 milioi euro izango ditu 2026an, hasieran aurreikusitakoa baino 9,1 milioi gehiago. "Diru-bilketa hobeak" ahalbidetu du igoera hori. Debagoieneko zortzi udalerriek, guztira, 61.250.275 euro jasoko dituzte aurten, espero baino ia 766.000 euro gehiago.

Maider Morrasek, Arrasateko alkateak, azaldu du Foru Aldundiak biltzen dituen zergen bilakaerak eragin zuzena duela udalerrien finantzaketan. "Aldundiaren diru-bilketa handia bada, Udalean dirutan islatzen da eragin hori". Morrasek argitu du UFFAtik jasotzen duten dirua Udalaren urteko aurrekontuaren erdia baino gehiago dela: Aretxabaletan ere hala dela aipatu du Gari Iturbe alkateak. 

"Esperotakoa zen, baina argazki finala jasotzerakoan, berri pozgarria da, noski", adierazi du Arrasateko alkateak. Iturbek gehitu du "bizitzaren garestitzearen aurrean, bueltan datorren guztia ongi etorria" dela. Diru-sarrera handiago horiek udalen aurrekontua egonkortzen eta datorren urteko kontuak prestatzen lagunduko dutela azpimarratu dute biek. 

%3ko deflaktazioa

Kontseiluan, hiru lurraldeetako erakundeek 2027rako %3ko deflaktazioa proposatzea ere adostu zuten. Deflaktatzea zergak inflaziora egokitzea da; izan ere, prezioak igotzen direnean, soldatak ere igo daitezke, baina horrek ez du esan nahi herritarrek erosteko ahalmen handiagoa dutenik. Deflaktazioaren bidez, zergen kalkulua egokitu egiten da, prezioen igoerak herritarren poltsikoetan duen eragina arintzeko. Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, neurriak 48 milioi euroko eragina izango du zergadunen alde.

Aurrera begira, 2027rako diru-bilketak gora egitea espero du Aldundiak: Gipuzkoak 7.481 milioi euro biltzea aurreikusten du, eta Foru Funtsaren zuzkidura %5,8 handitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak