Bergarako Isladak antzerki taldeak 'Elisabeth' antzezlana taularatu zuen domekan Eskoriatzako Zaldibar antzokian, eta ikuslez bete zen aretoa. Aurretik, Bergarako Seminarixoan eskaini zuten obra birritan, ekainean lehenengoz eta joan den astean bigarrenez.
Elisabeth antzezlanak 1950eko hamarkadara eramaten zituen ikusleak. Zientzialari izan nahi duen emakume baten istorioa kontatu zuten, garai hartan zientziaren munduan gizonezkoak nagusi ziren testuinguru batean. Emakumeek beren lanbidean aurrera egiteko aurkitzen zituzten oztopoak eta gizartean zituzten mugak azaleratu zituen obrak.
Mikel Izurrategi, etxean
Hamaika lagunek parte hartu zuten antzezlanean, eta horietako bat Mikel Izurrategi eskoriatzarra izan zen. Antzerki soziala egiteko interesa zuen Izurrategik, eta Isladak taldean sartzeko aukera sortu zitzaionean, ez zuen zalantzarik izan. Domekako emanaldia berezia izan zen harentzat, herrikideen aurrean antzezteko aukera izan baitzuen.
Antzerki amateurraren zailtasunak
Eskoriatzako emanaldiak izandako harrera ona gorabehera, Mikel Irizar Isladak taldeko zuzendariordeak antzerki amateurrak dituen zailtasunak ere nabarmendu zituen. Bereziki, antzezlanak beste herri batzuetara eramateko dituzten oztopoak aipatu zituen. Irizarrek ·erakundeen laguntza handiagoa· eskatu zuen, antzerki taldeek beren lanak herriz herri erakusteko aukera gehiago izan ditzaten.