Kirolak eta elkartasunak hartu dute Urkulu, Mundukideren XI. lasterketa solidarioan

Gontzal Belategi Zubia

Hamaikagarrenez ospatu du Mundukide Fundazioak bere lasterketa solidarioa. Lehia izan den arren, elkartasuna izan da nagusi Urkulu inguruan. Kooperatiben arteko lasterketa izan da ekimen nagusia, eta Athlonek irabazi ditu emakumezkoen txapelketa zein txapelketa mistoa. Gizonezkoen artean, Ulmako taldea izan da azkarrena.

Mundukide Fundazioak XI. lasterketa solidarioa egingo du gaur Aretxabaletan, Urkuluren inguruetan. Elkartasuna gara lelopean, 30 kooperatibak eta bailarako hainbat norbanakok eman dute izena, osotara, 400 pertsona inguru.

Lasterketa solidarioak hainbat modalitate izan ditu, izan ere, 2004 eta 2016. urte bitartean jaiotako gaztetxoen lasterketa, ibilketa nordikokoko eta oinezkoen martxa eta kooperatiben arteko lasterketa izan dira. Handbike-eko lasterketa ere egin da lehen aldiz, Lana kooperatibako ordezkaritzapean, Bizi Hadi klub inklusiboa elkartekoen eskutik.

Elkartasuna guztiaren gainetik

Kooperatiben arteko lasterketa izan da, akaso, ekimenaren plater nagusia, eta parte-hartzaileak lehiatzeko prest irten dira irteera puntutik. Azkenean, Athloneko kideak izan dira azkarrenak emakumezkoen txapelketan eta txapelketa mistoan. Gizonezkoen txapelketan berriz, Ulmako kideak izan dira lehenak.

Lasterketa bat izanik, lehia puntu hori hor egon den arren, parte-hartzaile guztiek nabarmendu dute elkartasuna izan dela egunaren zati garrantzitsuena. "Lehia hor dago, hori ez da ahazten, baina, azkenean, Mundukidek antolatutako lasterketa egitera etorri gara, elkartasunaren alde", azaldu du, esaterako, parte-hartzaile batek.

Antolatzaileak, pozik

Mundukideko kideak pozik agertu dira lasterketak utzitakoarekin. "Pozik egoteko moduan joan da. Uste dut jendea gustura egon dela. eguraldiak lagundu du, eta elkartasuna oinarri bezala hartuta sintonia ona egon da", azaldu du Mundukideko komunikazio arduradun Urri Urizarrek.

Ondo errotutako ekimena da dagoeneko lasterketa. Horretaz jakitun, hurrengo urteetan antolatzen jarraitzeko borondateaz gain, beste lurralde batzuetara hedatzeko nahia erakutsi du Mundukideko zuzendari Itsaso Erretolatzak: "Aurrera begira hemen jarraituko dugu. Gainera, bailara honetako kooperatiben erantzuna ikusita, akaso, kanpoan, Bizkaia aldean edo, errepikatzeko aukera aztertzen gabiltza".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak