Joserra Diez: "Errekarenak propioak diren egiturak bertan utzi behar dira; ezinbesteko dira"

Koldo Zubia Salas

Joserra Diez, liburuarekin, Oñatiko kultura etxeko atarian. Iturria: Natur Eskola

Bihar egingo da bailara mailako erreka garbiketa. Horren inguruko hainbat ekintza izan dira astean; Joserra Diez biologoaren liburu aurkezpena, adibidez.

Bihar, zapatua, egingo dute bailara mailako erreka garbiketa, bosgarrenez. Aurten ere herri guztietan egingo da, Antzuolan izan ezik, eta, ekimenaren etorrera dela medio, horren inguruko hainbat ekintza antolatu dituzte. Esate baterako, Oñatiko Natur Eskolak antolatutako Ibai-Lagun astearen barruan, Vivir con el río; desafíos ante el riesgo de inundación liburuaz berba egitera etorri zen Joserra Diez (Bilbo, 1970) biologoa. Ur kultura berria sustatu gura duen Nueva Cultura del Agua izeneko fundazioko kide da Diez, eta fundazio horretako Ruben Ladrerarekin eta Francesc La Rocarekin batera idatzitako liburua da, zehazki, Oñatin aurkeztutakoa.

Zeri buruzkoa da liburua?

Errioxako Pepitas de Calabaza editorialak proposatutakoa da. Zehaztasun zientifikotik abiatuz, edonork irakurtzeko moduko liburua eskatu ziguten. Valentziako tanta hotzak uholdeen inguruko gezur pila azaleratu zituen, eta hori argitzeko lanean jarri ginen. Liburuak bi zati ditu: bata alderdi deskriptibo edo kontzeptuala da, eta ikuspegi aldaketa bat aldarrikatzen dugu bertan; besteak egoerari aurre egiteko zazpi neurri jasotzen ditu. Gure aldarrikapena da gaur egungo ikuspegi hidrauliko huts horretatik kudeaketa moldakor batera igarotzea

Nolakoa da Euskal Herriko ibaien egoera? Eta Deba ibaiarena?

Gure ibaien egoera ekologikoak azken hamarkadetan nabarmen egin du hobera; 80ko hamarkadara arte, ia ez zegoen ur-saneamendurik. Deba ibaia adibide jarrita, Debako uraren kalitateak nabarmen egin du gora, baina gaur egun, oraindik ere, muga nabarmenak ditu.

Zeintzuk dira muga horiek?

Guk urak araztatzen ditugu, baina ibaiak hori baino askoz gehiago dira. Ibaiak ubideak dira, bai, baina badituzte sedimentuak, badituzte ur-kolpeak, badituzte ibai-hertzeko landaredia... horiek ibai-eremua osatzen dute. Eremu hori, Deban, adibidez, zeharo okupatuta dago; ibaien gainean eraiki dugu eta bertan bizi gara. Horrek uholdeen ondorio negatiboak dakartza.

Uholdeek, euriteek eta lehorteek nola eragiten dute ibaian?

"Zehaztasun zientifikotik abiatuz, edonork irakurtzeko moduko liburua idatzi dugu"

Ibaiak, definizioz, dinamikoak dira; aldatu egiten dira. Batzuetan urez lepo joaten dira eta beste batzuetan, aurtengo kasuan bezala, ur-emaria minimoetan kokatzen da. Baina euririk ez egin arren, ibaiek ura eramaten dute. 1946ko aireko argazkiak behatuz, ikusten da ibaiak askoz zabalagoak zirela, meandroak zituztela, bihurgune markatuak... eta sedimentu-zamaren arabera, leku batetik edo bestetik joaten ziren. Uholdeak fenomeno naturalak dira; errekarentzat onuragarriak. Baina jakin badakigu klima aldaketa ez dela lau zientzialariren txantxa eta muturreko egoerak areagotu egingo direla. Kantauri itsasoko tenperaturak errekorrak hautsi ditu aurten, eta, bero hori metatzen denean, euria bueltan etortzen zaigu.

Bailara mailako erreka garbiketa egingo da zapatuan; nola garbitu behar da erreka bat?

Ibaiek ura garraiatzen dutenez, askok uste dute ibaiak kanalak direla, eta ubideek garbi egon behar dutela. Hori da gainditu beharreko gezur handi bat. Erreka auzolanean garbitzean inplikazio handia izaten da, eta, urtero egin arren, ehunka kilo hondakin ateratzen da bertatik. Hondakin horiek hor badaude, norbaitek bota egiten dituelako, baina kontuz ibili behar dugu, garbitu beharreko hori errekarena ez dena delako. Errekarenak propioak diren egiturak bertan utzi behar dira: enborrak, adarrak eta egur-hilak, esaterako. Horiek errekaren parte dira, eta zientziaren ebidentziak dio ezinbestekoak direla. 

Etorkizunera begira, zeintzuk dira hobetzekoak?

Ibaien ezagutza sustatu behar da, arro eta sare hidrografikoaren egoera zein den jakin, eta, esaterako, Ingalaterran duten modeloa ezagutu. Herriz herriko uholde-arriskuen mapak baditugu, baina, adituek diote, iraganeko klimari dagozkionak direla. Gaur egungo baldintzak ez dira berak, eta aurre egin behar diogu; leku batzuetan, lurraldearen planifikaziotik hasita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak