Errekak garbitzera deitu dituzte debagoiendarrak zapaturako

Mirari Altube Arrese

Hainbat lagun Deba ibaian sartuta, iaz, Eskoriatzan.

Bailara mailako erreka garbiketa egingo dute urriaren 17an, bosgarrenez, Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean ekimenak deituta. Herri gehienetan Deba ibaia eta haren bazterrak garbituko dituzte; Elgetan Asentzio aisialdi-gunean jardungo dute lanean; Oñatin oraindik ez dute erabaki nora joko duten; eta Antzuolan, ez dute egingo.

Hona hemen herririk herri zehaztutako egitaraua:

Arrasate

10:00etatik 12:00etara bitartean izango da auzolana. Bi elkargune zehaztu dituzte: Musakolako San Isidro plaza eta San Andresko Maiatzaren Bata plaza. Asmoa da, 10:00etan elkartzea ibaian sartzeko, eta behin lanak bukatuta, 12:30ean, aipatutako bi plazetan jarritako mokadutxoarekin bukatzea.

Bergara

Bi elkargune zehaztu dituzte: Seminarioko patioan eta Osintxuko plaza. Eta 09:00etatik 13:00etara bitartean egingo dute  garbiketa. Ondoren, mokadutxoa izango dute parte-hartzaileek.

Bestetik, hurrengo egunerako, domekarako beste ekintza bat antoloatu dute Kukubaso elkartearekin batera: Mekolaldeko araztegira bisita. Hara joateko Agorrosinen elkartuko dira 10:00etan edo 11:00etan agertu behar da Mekolalden. Aldez aurretik izena eman behar da.

Oñati

10:00etan elkartuko dira Foruen plazan eta batutako pertsona kopurua kontuan hartuta erabakiko dute zenbat talde egin eta nora joan garbiketa egitera.

Aretxabaleta

10:00etan elkartuko dira Herriko Plazan eta taldetan banatuta gune ezberdinetara joango dira; asmoa da Errotabarrin hasi eta Arbizelairaino garbitzea. Behin bukatuta, 12:30ak-13:00ak bueltan mokadutxoa izango dute plazan. Zakarrak jasotzeko edukiontziak ere han jarriko dira herritarrek ikus dezaten zer eta zenbat batu den.

Eskoriatza

10:00etan batuko dira Fernando Eskoriatza plazan eta jende kopuruaren arabera, taldetan banatuko dira. Dena den, seguruenik talde bakarra izango da eta Santa Marinatik jaitsiko dira ibaira; jende asko batuz gero bigarren talde bat unibertsitate ingurutik jaitsiko da Debara. 13:00etan bildutakoarekin argazkia aterako dute.

Elgeta

Deba ibaia ez denez Elgetatik pasatzen aurreko bi urteetan Aixola erreka garbitu dute. Aurten Asentzio ingurua da auzolanean garbituko dutena. Taldea 11:00etan elkartuko da plazan eta oinez egingo dute Asentziorako bidea. 14:00ak arte garbituko dute Asentzio aisialdi-gunea eta amaitutakoan luntxa egongo da.

Aramaio

09:30ean elkartuko dira plazan Mendixol elkarteak deituta.

Leintz Gatzaga

11:00etan elkartuko dira plazan eta Gatz museotik hasita, ibaian gora joango dira garbitzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak