Jasangarritasunaren aldeko sentsibilizazioa helburu duen Hamabostaldi Berdea martxan da

Larraitz Zeberio Lekuona

Iazko Errekak Bizi auzolanean parte hartutako elgetarrak eta batutako zaborra. elgetako udala

Urriaren 25era bitartean, ingurumenarekin lotutako sei ekintza antolatu ditu Elgetako Udalak. Batzordeburu Miren Ibarbiak dio herrian badagoela zer hobetu. Gaikako zabor-bilketaren datuen beherakadarekin du, besteak beste, kezka

Elgetako Udalak Hamabostaldi Berdea jarri du martxan. Gaur iluntzean egingo dute lehen ekintza: Elgetako Energia eta Klima Planaren aurkezpena. Elkarlanean aritu dira Udala, Ixotzen energia komunitatea eta Islada enpresa, eta urtebetetik gorako lanketaren emaitza da plana. "Legediak hainbat betebehar finkatzen ditu, eta horiei erantzuteko 40tik gora ekintza zehazten ditu planak. Lehentasunak finkatuta daude, eta ekintza horiek aurrera eramateko diru-lerroak aurreikusi beharko dira datorren urteko aurrekontuan", azaldu du Elgetako Udaleko Ingurumen batzordeko buru Miren Ibarbiak.

Bi auzolan Asentzion

Aste bukaerarako bi auzolan daude antolatuta, biak Asentzion. Zapatu goizerako, aisialdi-gunea garbitzeko auzolana dago deituta, Debagoien mailako Errekak Bizi Auzolanean ekimenarekin bat eginez (Ikus 6. orria). Elgetarrak 11:00etan elkartuko dira, plazan, eta oinez egingo dute Asentziorako bidea. Bizpahiru orduz bilduko dute zaborra, eta 14:00etan, luntxa egingo dute bolatokian. "Duela bi urte, zabor pila jaso genuen Asentzion", esan du Ibarbiak. Udal ordezkariak uste du ariketa polita dela, konturatzeko zer-nolako jarrerak dituen jendeak. 

Bigarren auzolana domeka goizerako deitu dute. Saguzarrendako hogei habia-kutxa kokatu zituzten hilerri inguruan orain urtebete. Tarte horretan, Naturtzaindiko adituek saguzar bakarra topatu dute habia-kutxa horietan, eta, haiek horrela gomendatuta, hamar Asentziora lekualdatuko dituzte. 11:00etarako egin dute hitzordua, hilerrian, eta Asentzioko lanak 12:00etan hasiko dituzte. Herritar guztiendako moduko bi auzolan deialdi dira.

Hiru hitzordu datorren astean

Datorren astean jarraipena izango du egitarauak. Astelehenean, hilak 19, Zuhaitzak eta arbolak Euskal Herrian liburua aurkeztuko dute, 18:00etan. Jakoba Errekondo, Markel Arriolabengoa eta Iñaki Etxebeste dira egileak.

Eguenean, hilak 22, helduendako bi orduko baso-bainua egingo dute Asentzion. Ingurumen-hezitzaile Amaia Agotek gidatuko du saioa, 17:30ean.

Egitarauari amaiera emateko, hondakin birziklatuekin egindako musika-tresnak oinarri dituen Trakamatraka tailerra izango da domekan, 12:00etan. 

Kontzientziazioa helburu

Hamabostaldi Berdearen helburu nagusia da herritarrak ingurumenaren inguruan kontzientziatzea eta herrian jasangarritasuna bultzatzea. "Herritarren kontzientziazioan eta sentsibilizazioan eragin nahi dugu. Askotariko ekintzak prestatu ditugu Hamabostaldi Berdearen baitan, eta parte hartzeko dei egiten diegu herritarrei", esan du Ibarbiak.

Udal arduradunen artean badago kezka: "Gaikako zabor-bilketa datuak gero eta txarragoak dira; %70etik behera goaz urtebete pasatxoan. Zabor-guneen erabileran badago zer hobetu: garbigunera eraman beharrekoak ziren inausketa hondakinak agertu ziren aurreko astean Domingo Iturbeko zabor-gunean, eta ez da lehen aldia". Txakur-kaken gaineko auzia ere azpimarratu du. "Kartelak jarri genituen herrian, baina askotan ikusten dira gorotzak kalean. Umeengan jartzen dugu sarri arreta, baina helduen artean ere badago zer hobetu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak