Errotabarrin hasi eta Arbizelaira arteko ibai zatia garbituko dute zapatuan

Mirari Altube Arrese

Debagoieneko erreka auzolana ekimenaren baitan aretxabaletarrek ere garbituko dute Deba ibaia zapatuan. 10:00etan elkartuko dira Herriko Plazan eta 13:00ak inguru arte jardungo dute Errotabarri eta Arbizelai artean lanean, taldetan banatuta. Edonork parte har dezakeela adierazi dute antolatzaileek.

Herriko Plazatik abiatuko dira taldeak gune ezberdinetara. Hiru bat orduz jardungo dute ibaia zein horren bazterrak garbitzen, eta behin bukatuta, plazara itzuliko dira. Han jarriko dituzte jasotako zakarrentzako edukiontziak, herritarrek ere ikus dezaten zer eta zenbat batu den. Ondoren, lanean jardundakoek mokadutxo bat izango dute.

Garbiketan parte hartu gura dutenei izena ematea gomendatu diete segurua izan dezaten; horretarako azken eguna gaur, urriak 14, da. Dena den, izena ematen ez dutenei ez diete aterik itxiko: "Jasotzen denak baino garrantzi handiagoa du kontzientziazioak, ibaia nola dagoen ikusteak, gure ekintzen ondorioak bistaratzeak, auzolanak, ezberdinen arteko berriketaldiek eta elkarlanak…" Eta gogorarazi dute zapatuan Debagoieneko herri gehienetan jardungo dutela lanean: "Herritar mordoa elkarrekin arituko gara ibaian, zaintzatik eta arduratik; hori ikusaraztea eta sentitzea gura dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak