ALBISTEAK

Minbizia duten pazienteei eta haien senideei laguntzeko boluntario bila

Hasier Larrea

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak kanpaina berria jarri du martxan. Pasa den ekainean Arrasaten eskualde mailako bulegoa ireki ostean, boluntario berriak bilatzea da orain Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkartearen erronka. 

Paziente onkologikoei eta haien senideei doako zerbitzuak eskaintzeko helburuz egiten dute lan elkarteko kideek, Amaia Torrecillas eta Leire Vallespirrek adierazi duten moduan. Boluntariotza arloaren koordinatzaileak dira biak, eta euren egiteko nagusia pertsona horiek eduki ditzaketen beharrei erantzutea da: "Lehenik eta behin, esplorazio bat egiten dugu, eta horren arabera, arlo batera edo bestera bideratzen ditugu. Laguntza eta akonpainamendua eskaintzen diegu arreta sozialaren eta psikologikoaren aldetik, eta ekipo bio-sanitarioa ere eskura izaten dute", azaldu dute. 

Arreta integralerako zutabe

Talde profesional horretan daude bakarkako eta taldekako saioak gidatzen dituzten psikologoak, maileguan har daitezkeen gurpildun aulki zein makulu eskaintzaren berri ematen duten gizarte langileak, eta arlo bio-sanitarioan espezializatutako erizain, nutrizionista, fisioterapeuta eta ariketa fisikoko teknikariak. 

Zerbitzu horiek guztiak aurrera eramatea eta erabiltzaileei dohainik eskaintzea da, hain zuzen, boluntarioen ekarpenak ahalbidetzen diena: "Guretzat funtsezkoa da haien papera, arreta integral hori eman ahal izateko atzeko lana egiten dutelako", aipatu dute elkarteko koordinatzaileek. 

Nahi beste aukera

Boluntario izateko interesa dutenek haien disponibilitatearen arabera lagun dezakete: "Hori da baloratzen dugun lehen puntua, zer motatako konpromisoa har dezaketen aztertzea. Badirelako jarduera puntualak eta jarraituak, aurrez aurrekoak eta digitalki egin daitezkeenak. Boluntariotza pertsona bakoitzaren egoerara egokitzea da lehenesten duguna", esan dute. 

Bilatzen duten profilek ez dute zertan osasun-arloko prestakuntza edo aurretiazko esperientziarik izan behar: "Baina bai enpatia, entzute aktiboa, errespetua, konfidentzialtasuna, arduraz jokatzea eta konpromisoa moduko balioak izatea". Oso garrantzitsua iruditzen zaie, baita ere, "norberaren mugak ondo ezagutzea". 

Izan ere, aitortu dute "emozionalki une zailak" bizi izan ditzaketela akonpainamendua burutzen dutenek. "Horregatik, boluntarioei ere arreta psikologikoa eskaintzen diegu, bilera jarraituak izaten ditugu eta formakuntza saioak jasotzen dituzte, haien ongizatea bermatze aldera", gehitu dute. 

Akonpainamenduari buruz mintzo direnean, pazienteekin edo senideekin eduki dezaketen harremanaz dihardute: "Etxeetan, ospitalera bidean, ospitalean bertan eta oinarrizko ekintzetan egiten duten akonpainamendu sozialaz. Une horietan, boluntarioak ondo egon behar du, entzuteko gogoz, eta beharrezkoa izanez gero, profesionalengana bideratzeko gertu". 

Baina ekarpen puntualagoak egitera ere konprometitu daitezke, pazienteekin kontaktu zuzena izatea eskatzen ez duten jardueretara: "Adibidez, errekurtsoak biltzeko, ikerketa onkologikoetan inbertitzeko eta gizarte sentsibilizaziora bideratutako ekintzak antolatzen". 

"Asko" jasotzen da bueltan 

Dagoeneko boluntario direnek sarritan bat egiten omen dute "beraiek ematen dutena baino gehiago jasotzen dutela" esaterakoan, eta horietako hainbatek "denbora luzea" daramate elkartearekin lanean, "gustura" daudenaren seinale. 

Kide izateko informazio gehiago behar izanez gero, Arrasateko Pablo Uranga kaleko 6. zenbakiko egoitzara bertaratzea da aukera bat, edo 943 45 77 22 telefonora deitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak