Pello Alberdi Zuazubiskar Antontxabal margolari elgetarraren omenezko erakusketa izango da ikusgai, gaurtik 25era bitartean, Aroztegi aretoan – gaur, 19:00etan egingo dute inaugurazio ekitaldia. Xabier Agirre, Bingen de Pedro eta Ricardo Azkargortak antolatu dute, eta aretoan bertan harrapatu ditu GOIENAk erakusketa jartzea amaitu berritan.
"Erakusketa antologikoa" izango da, eta 26 koadrorekin artistaren ibilbidea eta "etapa guztiak" erakutsiko dituzte. "1985etik 2025era arteko lanak dira. Saiatu gara etapa guztiak adierazten. Biltegi handi bat daukagu, eta hiruzpalau margolarik han dauzkagu lanak gordeta; tartean, Pellorenak. Urteak egon dira han, eta handik berreskuratu ditugu", adierazi du Azkargortak.
Isiltasuna lanetan islatuta
Hiruzpalau estilo daudela aurreratu du, hala nola abstrakzioa –materikoa eta lirikoa–, figuratiboa eta geometrikoa. Azkargortak nabarmendu du Alberdik materialei garrantzi handia ematen ziela, besteak beste, koadroen testurak lantzeko: "Argazkietan, agian, ez da nabaritzen nola dauden eginda, testura mateak edo distiratsuak diren, area... Horri garrantzi handia ematen zion, eta erakusketan hori ikusten da".
Isiltasunaren kontzeptuarekin jolastu dira katalogoan. Adierazi dutenez, haren izaera "nahiko isila" zen, "hitz gutxiko gizona" zen. "Normalean, artistaren lanetan islatzen da norbere izaera. Kolore nahiko grisak, ilunak, erabiltzen zituen. Azken faseak badauka koloreekin egindako saiakera bat, gama oso biziekin; sorpresa izan da hori. Aurrez, guztia ilunagoa zen. Alde handia dago etapa batetik bestera".
Beartekin lotura estua
Elgetakoa bazen ere, Bearteko kidea izandakoa da Alberdi, nahiz eta hasieran Elgetatik Eibarrera joan zen artistekin harremana izateko. Margolari bergararrak ezagutu zituenean, Irizar jauregiko azken solairuan elkartzen ziren margotzeko: "15 bat urte egon zen Bearten". Azkargortak azaldu du prozesu askotan hartu zuela parte: elkartearen estudioa non jarri, Aroztegi aretoaren proiektua...
Margolanekin komunikatzen

Pello Alberdi Zuazubiskar Antontxabal (Elgeta, 1958-2025) 70eko hamarkadan hasi zen lehen margo erakusketak egiten. Hainbat erakusketa egin zituen ordutik; 1994tik 1996ra, esaterako, Japonian erakutsi zituen artelanak. Sariak eta bekak ere jaso zituen.