Debagoienean ere eragina izango du Udal-sektoreko langileen greba deialdiak

Koldo Zubia Salas

EAEko Udal-sektoreko langileek egun osoko greba egingo dute bihar. Sindikatuek duela urte eta erdi baino gehiago hasi zuten Udalhitz hitzarmena berritzeko negoziazio prozesua, baina, diotenez, ez da akordiorik lortu eta prozesua blokeatuta dago. Debagoienean ere hainbat udalerrik bat egingo dute deialdiarekin.

ELA eta LAB sindikatuek deituta, EAEko udal-sektoreko langileek egun osoko greba egingo dute bihar, urriak 8, lan baldintzak hobetzeko eta Udalhitz hitzermenaren negoziazioan aurrerapausoak eskatzeko. Sindikatuek azaldu dutenez, duela urte eta erdi baino gehiago hasi zen negoziaketa prozesua, baina ez da akordio integralik lortu, eta, horrenbestez, maiatzean eta ekainean egin bezala, langileak hirugarren aldiz joango dira grebara. "Negoziaketa prozesua erabat blokeatuta dago. Azken bileran gehiago ez zutela emango esan ziguten, azken proposamena zela eta hor bukatzen zela negoziaketa. Horren ostean erabaki dugu hirugarren greba egun bat deitzea", azaldu du ELAko udaletxeetako eskualde arduradun Pablo Garmendiak. "Duela bi urte zabaldu zen Udalhitz hitzarmena berritzeko prozesua EUDEL-en. Oso modu makalean zebiltzala ikusita, mobilizatzen hasi ginen udaberrian", dio LABeko Gipuzkoako Udal Foru arduradun Txus Goikoetxeak. 

Udalhitz hitzarmenean, akordiorik ez

Bi sindikatuen arabera, Udal-langileen lan baldintzak okertzen joan dira azken urteetan, eta 2010etik berritu gabe dagoen Udalhitzeko akordioa eguneratzea dute helburu. Besteak beste, galdutako erosahalmena berreskuratzeko neurriak, euskaraz lan egiteko neurriak, azpikontratatutako langileen subrogazioa, lanaldia gehiago murriztea eta errelebo kontratua eta gazteberritze planak lantzea aldarrikatzen dituzte.

Gaineratu dute, ez dutela behar adina aurrerapenik ikusten EUDEL eta alderdi politikoek egindako proposamenetan. "Lan-baldintzen hobekuntza eta soldaten igoera bezalako neurriak dira lagileei balio dietenak eta aspalditik ari dira udal-langileak euren erosahalmena galtzen", dio Garmendiak. Goikoetxeak berriz, hizkuntzan eta belaunaldi erreleboan ere jarri du azpimarra: "Sarbide guztietan euskarazko profil altua egon behar da, Euskara eta Gaztelania maila berean ofizialak direlako; marra hori gaindiezina da. Bestalde, izaera laborala duten administrazioko langileek errelebo kontratua eskatzeko aukera dute. Estuan legea aldatu zen eta horrek blokeoa ekarri du. Funtzionarioen kasuan, ez dago 67 urte baino lehenago erretiratzeko bestelako modurik". 

Hala, Udal-langileen gehiengo batek greba deialdiarekin bat egin eta hiru hiriburu nagusietan egingo diren mobilizazioetan parte-hartzea espero dute sindikatuek.  "Baikor gaude eta grebak jarraipen altua izango duela espero dugu", azaldu du Garmendiak. Gipuzkoako herri txiki eta ertainetan, aurreko grebak arrakastatsuak izan dira, eta oraingoan ere hala izatea espero dugu", esan du Goikoetxeak. 

Jarraipena izango du Debagoienean

Debagoieneko Udaletan askotariko eragina izango du grebak. Bergaran, Oñatin, Antzuolan eta Leintz-Gatzagan grebaren alde egin dute. Bergaran, Udal-langileen asanbladak greba egitearen alde bozkatu du, nahiz eta langileren batek lanera joatea erabaki dezakeen. Oñatin ere greba egitearen alde agertu dira udal langileak: 25ek baietz bozkatu dute, batek ezezkoa eta bik zuri; zerbitzu minimoak oraindik zehaztu gabe daude. Antzuolan, berriz, 14 botoetatik 13 grebaren aldekoak izan dira, eta udal langileen %100ak egingo du greba. Azkenik. Leintz-Gatzagan ere greba egingo dute, eta Mankomunitatea ere itxita egongo da. 

Elgetan udal bulegoak eta zerbitzuak itxita egongo dira, nahiz eta langile bakoitzak erabakiko duen greba egin ala ez; bozketaren emaitza ez baita loteslea. Aramaion eta Eskoriatzan berriz, langile batzuek greba egingo dute eta beste batzuek ez. Arrasaten ez dago jarraipenari buruzko daturik, baina zerbitzu batzuk etengo direla aurreikusten da; Emakume Txokoa adibidez. Azkenik, Aretxabaletan, ez da deialdirik egin. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak