Goienagusik hasiera eman dio 2026-2027 ikasturteari

Eki Letona Erretolatza

Gaur goizeko ikasturteko auzkezpen ekitaldia, Kulturaten.

Arrasateko Kulturateko Areto Nagusia goraino bete da gaur goizean Goienagusi elkartearen 2026-2027 ikasturtearen aurkezpenean. Jesus Mari Elkoro, Sofia Perez eta Noel Meabe zuzendaritza batzordeko kideek aurkeztu dute aurtengo egitaraua, eta, besteak beste, elkartearen egoera, ikasturterako erronkak eta programazioaren aurrerapena azaldu dituzte.

Ekitaldian izan dira Maider Morras Arrasateko alkatea, Gorka Artola Bergarako alkatea eta Jasone Giraldo ongizate zinegotzia. Hirurek Goienagusik egiten duen lana eskertu eta elkarteak herrian eta eskualdean duen ekarpena nabarmendu dute.

"Goienagusiren egungo egoera azken urteetan batzordean eta lantaldeetan parte hartu duten bazkideen lanari eta bazkideen erantzunari eta laguntzari esker lortu dela" azaldu dute aurkezpenean. Gaur egun, 351 bazkide dira elkartean, emakumeak gehiengoa dira: emakumeen ehuneko %70 eta %82 artean dago; eta, adierazi dutenez, gizonezko bazkideen kopurua ere gora doa.

54 hitzaldi eta hainbat jarduera

Beste urte batez, Goienagusik Arrasateko, Bergarako eta Oñatiko udalekin elkarlanean jarraituko du. Ohiko hitzaldiei dagokienez, astelehenetan Arrasateko Kulturateko Areto Nagusian eta eguaztenetan Bergarako Seminarixoan izango dira saioak, nahiz eta programazioaren barruan Oñatiko Santa Ana antzokian ere egingo diren jarduerak.

Guztira, 54 hitzaldi antolatu dituzte, eta horien artean izango dira saio bereziak ere: kontakizunak, musika emanaldiak eta bertso saioak, besteak beste. Horrez gain, bederatzi mendi irteera egingo dituzte irailetik ekainera bitartean. Programazioak, gainera, zortzi bisita eta irteera kultural, hiru ikuskizun eta hiru ikastaro jasotzen ditu.

Elkarteak sei lantalde eta zuzendaritza batzordea ditu, eta datorren ikasturterako lehen helburua orain arte egindakoari eustea izango dela azaldu dute: "Orain arte Goienagusi izan denari eta egin denari eustea izango da lehen helburua, hitzaldi eta jarduera guztien maiztasuna eta kalitatea zainduz".

Euskara eta euskal kultura, ardatz

Euskara eta euskal kultura ere elkartearen helburu nagusien artean daude. Iaz hitzaldien %66,7 euskaraz izan zirela azaldu dute, eta aurrerantzean ere hitzaldietan erabiltzen den hizkuntza zaintzen jarraituko dutela adierazi dute.

Euskal kulturari lotutako hainbat jarduera ere iragarri dituzte. Besteak beste, idazleak, bertsolariak, musikariak eta zinemagileak gonbidatuko dituzte, eta Euskal Herriko hainbat txoko eta ingurune bisitatuko dituzte. Horrez gain, euskal artisten ikuskizunetara joateko aukerak ere izango dituzte bazkideek.

Emakumeen presentzia ere lantzen jarraituko du elkarteak. Azken lau urteetan emakume hizlarien portzentajea %35etik %48ra bitartekoa izan dela azaldu dute. Horrekin batera, hainbat arlotako emakume ikertzaile, artista, abenturazale eta ekintzaileak ezagutarazten jarraituko dute, baita emakumeen istorioak eta genero ikuspegia ere programazioan txertatzen.

Mendi irteeretan gogoeta

Mendi irteeren inguruan ere egin dute gogoeta. Izan ere, bazkideen aldetik "ibilbide errazagoak" antolatzeko eskaera jaso dutela azaldu dute, ohiko irteeretan parte hartzeko zailtasunak dituztenentzat.

"Mendi irteerak mendian ibiltzen ohituta daudenentzako dira", azaldu dute, baina aurrerantzean ibilbideen berri aldez aurretik emango dute webgunean, parte-hartzaileek ibilbidea ezagutu eta beren gaitasunetara egokitzen den ikusi ahal izan dezaten. Ibilbide errazagoak eskaintzeko aukera ere aztertuko dute, eta bazkideen proposamenak jasotzeko prest agertu dira: "zuen iradokizunak eta proposamenak ongi etorriak izango dira".

Goienagusik duela bost urte ekin zien mendi irteerei, eta 2022an egindako lehen irteeran 20 lagun inguruk parte hartu zuten. Iazko azken irteeran, berriz, 85 lagun batu ziren.

Lehen hitzaldiak aste honetan

Gaurko aurkezpenaren ondoren, eguaztenean ekingo diote 2026-2027ko programazioari. Lehen hitzorduetako bat Iker Badiolak emango du, Ezagutzaren zabalkundea negazionismoaren aurrean izenburupean, urriaren 7an, 10:00etan, Bergarako Seminarixoan.

Urriaren 14an, berriz, Luis Guridik Zergatik ari da zabaltzen Trumpismoa munduan? hitzaldia eskainiko du Oñatiko Santa Ana Antzokian, 10:00etan. Eta urriaren 19an, astelehenean, Nekane Balluerkak El suicidio en la adolescencia y la juventud: mitos, señales de alarma y estrategias de prevención hitzaldia emango du Arrasateko Kulturateko Areto Nagusian, 10:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak