Jaso dituzte sariak 22. Udako Argazkien Lehiaketako irabazleek

Julen Murua Mesonero

22. Udako Argazkien Lehiaketako irabazleak.

300 argazki baino gehiago jaso ditu Goienak Udako Argazki Lehiaketaren 22. edizioan, eta publikoaren saria erabakitzeko 100 boto baino gehiago eman dituzte herritarrek.

Guztira 4 sari banatu ditu Goienak lehiaketaren 22. edizio honetan. David Martin de la Navarentzat izan da lehenengo saria: Gure Ametsa jatetxearen eskutik, bi lagunendako otordua. De la Navak adierazi du "poz handiarekin eta harrotasunez" jaso zuela albistea. Askotan joaten da aretxabaletarra Orkatzategira bizikletaz, eta "egun hartan argi oso polita zegoela aprobetxatuta" atera zuen argazkia.

Bigarren saria Arrasateko Eroski hipermerkatuak emandako Samsung Galaxy A17 eskuko telefonoa izan da, eta Maider Iglesias arrasatearrak lortu du Mykonosen ateratako Little Veniceko ilunabarraren argazki batekin. Aurretik ere lehiaketan parte hartutakoa da Iglesias, eta "pozez" hartu zuen urte batzuk eta gero saria lortu izanaren albistea. Mykonoseko hondartzatik paseatzen ari zela, "ilunabarrean oso zeru polita" zegoelako atera zuena argazkia.

Jorge Murgiondo bergararrak lortu du hirugarren saria hondartzako argazki bati esker: Arrasateko eta Bergarako Halcon Bidaiak-en gastatzeko 75 euroko opari-txartela. Aurrenekoz hartu du parte Murgiondok, eta saria lortzea "pozgarria" izan da harentzat. Kasu honetan ere, "hondartzako marea biziak eta argi polita" baliatu zituen aurkeztutako argazkia ateratzeko.

Azkenik, publikoaren saria Haritz Diaz de Gereñu eskoriatzarrarentzat izan da, Costa Bravan ateratako argazkiak lortu baititu boto gehien. Bergarako Elikaeneako bertako eta kalitatezko produktuen saskia jaso du hark.

Parte-hartzearekin pozik

Argazki asko eta kalitate handikoak jaso ditu Goienak, eta balioa eman nahi izan die komunitatetik parte hartu duten herritarrei. "Oso ondo joan da aurtengoa ere; izan ere, komunitateak erantzun egin du eta argazki mordoa jaso ditugu. Pozik gaude 22. edizioan ere halako erantzuna jaso izanaz. Argazkiei dagokienez, esan behar da epaimahaikideek ez dutela lan erraza izan. Hiru argazki onenak zeintzuk ziren garbi izan dute hasieratik, baina zailtasun handiagoak izan dituzte ordena aukeratzeko orduan", adierazi du Goiena Komunikazio Taldeko Internet saileko arduradun Mirari Altubek.

Azkenengo urteetan parte hartu duten zein komunitateko parte diren gainontzeko herritarrak lehiaketan parte hartzen jarraitzera gonbidatu ditu Goienak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak