Badira bailaran patata-tortillak kozinatzen benetan trebeak diren sukaldariak; Arrasateko Ezkiña tabernako Asier Antia da bata, eta Bilboko Txintxirri tabernako jabe den Andoni Ibarguren aramaioarra bestea. Bada, biak ala biak, urriaren 5ean Alacanten jokatuko den Espainiako txapelketan izango dira.
Ibargurenek badu esperientzia txapelketa horretan; izan ere, iaz bigarren postua lortu zuen hark prestatutako Errioxako alegriadun patata-tortillak, Osagai batekin modalitatean. Aurten ere patata-tortilla berarekin hartuko du parte lehiaketan –iaz modalitate tradizionalean ere hartu zuen parte, eta aurten ere horrela egingo du– eta gutxienez iazkoa errepikatzea da haren helburua: "Gutxienez bigarren postua mantentzea gustatuko litzaidake, eta irabaztea lortzen badut...Ez da nire buruari loreak botatzeagatik, baina iaz ikusten nintzen lehenengo postua lortzeko aukerekin. Nire sentsazioa zen ezin nuela nire tortilla hobeto egin". Horregatik, beste zapore batzuekin hainbat proba egin baditu ere, Errioxako alegriadunaren aldeko apustua egingo du aurten ere: "Bigarren aukera bat eman nahi diot.
Halako txapelketa bat irabazteak sekulako ikusgarritasuna eman diezaioke hari eta haren tabernari: "Hor egote hutsa promozio handia da, baina irabaztea are izugarriagoa izango litzateke". Hala ere, Ibargurenek dio "lasai" joaten dela txapelketetara, ez duelako tortilla kopuru handia egin beharrik denbora tarte txikian; hortaz, denborak "askoz hobeto" kudeatu ditzake.
Antiarentzat esperientzia berria
Martxoan jokatu zen Euskadiko patata-tortilla lehiaketan bigarren postuan amaituta lortu zuen Asier Antiak Espainiako txapelketarako txartela. Modalitate tradizionalean (patata eta arrautza– lortu zuen Euskadi mailako saria arrasatearrak, baina Espainiako txapelketan lehenengo aldia izango da harentzat. Modalitate tradizionalean parte hartuta, garrantzi handia izango du Antiak aukeratzen duen patata motak –arrautzak bertan ematen dizkiete–. Monalisa eta Kennebec patatekin egiten du lan Ezkiña tabernako jabeak, baina oraindik ez du erabaki zerekin hartuko duen parte txapelketan: "Kennebec da merkatuko patata onena, baina baita kozinatzeko zailena ere. Han egin beharreko probak egingo ditugu, eta orduan erabakiko dut zer patatarekin parte hartu".
Martxoan Euskadiko txapelketan parte hartu zuenetik, Antiak ez du aldaketarik egin haren patata-tortillan. Hala ere, hartu du "hobekuntza batzuk" egiteko tartea, besteak beste, "tortillaren itxiera perfekzionatzen". Izan ere, tortillaren testura, zaporea eta itxura dira epaimahaikideek kontuan hartzen dituzten aldagaietako batzuk, eta horietan buru-belarri lanean ibili da arrasatearra. Hala, "oso zaila izango dela" badakien arren, "tortilla onenaren txapela janztearekin" amesten du Antiak.
Maritxu Kajoi Egunean, Ezkiña zabalik
"Pena handia" ematen dio Antiari Maritxu Kajoi Egunean herrian egoteko aukera ez izateak, baina "horrela tokatu da aurten, eta txapelketari egiteko gogotsu" ere badago. Hala ere, jakinarazi du Ezkiña taberna zabalik egongo dela Maritxu Kajoi Egunean.