Andoni Ibarguren: "Zubiko egun batean 80 tortilla egin genituen"

Idoia Aranbarri Arzuaga 2025ko mai. 9a, 08:16

Andoni Ibarguren aramaioarra Bilboko Txintxirri tabernako jabea da eta hark egindakoak dira 2025eko Euskadiko eta Bizkaiko patata-tortillarik onenak. Urriaren 5ean Espainiako Patata Tortilla Txapelketan izango da, Alacanten.

Apirilaren 26an jokatu zen 2025eko Euskadiko Patata Tortilla Txapelketako finala, Donostian, eta Bilboko Txintxirri Tabernako Andoni Ibargurenen (Aramaio, 1986) bi tortillak irabazi zuten Euskadiko onenen titulua: patata-tortilla tradizionalak eta patata tortilla Errioxako alegriarekin.

Zorionak txapelagatik! Nola sentitzen zara Euskadiko patata-tortilla onenaren saria jaso ondoren?

Irabazi genuenean, oso pozik. Egia da domekan, hankak lurrean jarri genituela. Oso pozik egotetik urduri jartzera ere pasatzen zara. Jende asko etorri da eta guk taberna txikia daukagu. Eskaerari erantzuteko aukera daukagu, zortzi garelako lantaldean. Ez dugu arazorik izan lana aurrera ateratzeko.

Bi kategoriatako irabazleak zarete.

Bi tortilla aurkeztu behar ziren: tradizionala eta osagai batekin. Gure kasuan, bi mota bakarrik egiten ditugu. Tradizionala tipularekin eta bestea, pikantea; Errioxako alegriekin.

Bizkaiko txapelduna ere bada Txintxirri taberna; espero zenuten Euskadiko txapela irabazterik?

Ez. Bizkaikoa irabaztea sorpresa izan zen. Egia da bat irabazten duzunean pentsatzen duzula zerbait ondo egin duzula. Ez ginen joan pentsatuz irabazi egingo genuela, baina gutxieneko ziurtasun batekin joan ginen. Nire ustez, Bizkaitik joan ginenok maila altuagoa geneukan.

Maila zertan antzematen da?

Lehiaketara aurkezteko, Rafael Garcia Santos kritikariaren zerrendan egon behar duzu. Tabernetara joaten da esanez zure tortilla gustuko duela, eta ea nahiko zenukeen zerrendan egon. Gainera, joera dago tortillak egiteko.

Joera zein da?

Tortilla gutxi eginda; bai kanpotik, bai barrutik. Ez dira Betanzoskoak (Galizia) bezalakoak; horiek top dira.

Eta 2025eko tortillarik onena nolakoa da?

Etxean bezala egiten da. Patata oso sendoa dauka. Ez oso handia, ezta fina ere. Oso fuerte erretzen dugu, eta bertan apurtu. Kilo bat patatarendako hamabost arrautza erabiltzen ditugu. Ahalegintzen gara kanpotik kostra handirik izan ez dezan. Tortilla polita izatea kanpotik eta barrutik.

Andoni Ibarguren: "Batzuek diote tipularik gabe izan behar duela; nire ustez, zerbait eransten dio"

Tipula daukala esan duzu...

Bai, bai; tipula beti. Niri ere tipula asko gustatzen zait. Bezeroak ez dira kexatzen. Batzuek diote tortillak tipularik gabe izan behar duela, baina, nire ustez, zerbait eransten dio.

Aramaiokoa izanda, Arabako patata erabiltzen duzu? Eta nongo arrautzak erabiltzen dituzu?

Tortilla egiteko modu bat daukat, eta patata nik erretzen dudan bezala erretzeko Arabakoak ez dit balio. Burgoskoa erabiltzen dut. Arrautzak, berriz, Galiziakoak dira.

Aurkeztutako beste tortilla pikatea ze; ez da arriskutsua halako tortilla bat aurkeztea?

Egia da Errioxako alegriak ez direla beti etortzen pikante kopuru berarekin. Guk kopuru bera botatzen diegu, baina gerta daiteke egun batean ez pikatzea, edo hurrengo batean, berriz, gehiegi. Norberaren gustuaren araberakoa da. Niri asko gustatzen zaidanez, asko ez da inoiz.

Antzeman duzue jende gehiago joan dela tabernara azken egunetan?

Irabazi eta hurrengo astean, maiatzeko zubia izan zen. Jende asko oporretan zegoen, eta, azkenean, jende asko ibili da. 30 bat tortilla egiten genituen lehen egunean, baina joan den astean egun batean 80 egin genituen. Imajinatu zenbat arrautza apurtu genituen: 1.000?

Azkar iritsi zaizue aitortza?

Orain arte ez gara aurkeztu. Aurkeztu eta irabazi izan da. Guk oso taberna txikia daukagu. Rafa Sanchez, kritikaria, atzetik neukan. Esaten nion sukalde txikia daukagula. 3 edo 4 metro koadro. Bost urtez patatak eskuz zuritzen ibili gara. Kilo asko dira. Esaten nion neure buruari: "Irabazten badugu, hemen erantzun egin behar da. Irabazi eta tortillarik ezin baduzu atera, zer?". Orduan, iaz obra egin genuen eta sukaldea handitu egin genuen, barrari 15 zentimetro kenduta. Makina bat sartu nuen patatak zuritzeko, eta beste su bat. Horrekin, zelanbait, animatu egin nintzen.

Aipatu duzu bi tortilla mota dituzuela; kuriosoa iruditu zait, tabernek gehiago izaten dituzte eta.

Zenbat eta gehiago eduki, barran orduan eta denbora gehiago egongo dira, batzuk ez direlako salduko. Nire asmoa da barran dauden tortillak ahalik eta berrienak izatea.

Urriaren 5ean Alacanten jokatuko duzue Espainiako Patata Tortillaren Txapelketa; zein aurreikuspen dituzu? Eta hobetzekorik?

Beti ahaleginduko gara hobetzen. Niretzat zailena da egunerokotasuna. Tabernara datozen horiei beti gauza bera eskaintzea. Lehiaketan antzerako tortilla egingo dut, generoa berdina izango delako. Espainian bada joera Betanzosko tortillak egitekoa. Nik egiten ditudanekin alderatuta ezberdinak dira, baina nik ez dut esperantza galtzen. Euskadikoa irabazita, bide txarretik ez goaz.

Nork irakatsi zizun tortillak egiten?

Etxean beti jan izan ditugu, baina ez hamabost arrautzakoak; kar-kar. Seikoak. Jaten eta sukaldeari gustua hartzen etxean irakatsi didate. Oso sukaldari onak dira ama, amama zena, izeba... Tortillarena ez nuke jakingo esaten, oso ezberdina da-eta orain egiten dudana eta etxean egiten nuena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak