Inondik inora ez zuen espero Andoni Ibargurenek (Aramaio, 1986) Espainiako Patata-Tortilla Txapelketako bigarren postua eskuratzerik Osagai batekin kategorian. Patata-Tortillak Errioxako Alegriarekin egin ohi ditu Bilbon duen Txintxirri tabernan, eta horixe aurkeztu zuen atzo Alacanten. "Ez nuen espero. Egindako tortillarekin gustura geratu nintzen. Egia da irabazlearekin berdindu nuela, eta epaimahaiak berdinketa hausteko berriro dastatu zituen tortillak; bigarren geratu nintzen", adierazi dio GOIENAri txapelketaren biharamunean.
Patata-tortilla tradizionalen finalean ere hartu zuen parte domekan, baina ez daki zein postutan geratu zen, azken fasean bost aukeratzen dituztelako. Kategoria horretan zerbait lortzea, ordea, zailagoa ikusten zuen "joera Betanzosekoa" delako.
Txartela hurrengo urterako
Bi kategoriatan Euskal Herriko aurtengo txapelduna izanda lortu zuen Alacanten jokatu den Espainiako Txapelketarako txartela. Adierazi du oso urte "intentsoa" izan dela: "Bizkaiako Txapelketa irabazi nuen. Euskal Herriko biak. Aurten Espainiako Txapelketak egonda, hurrengo urtekoan parte hartzeko txartela daukagu".
Dena den adierazi du, berdin-berdin aurkeztuko dela hurrengo urteko Bizkaiko Txapelketara.