2017ko ekainaren 26an ikusi zuten elkar lehen aldiz Teresa Aranzibiak eta Sasha Melnykek. Aurretik, argazki bat besterik ez zuen Aranzibiak, baina azkar identifikatu zituen haren begi urdinak autobusetik jaitsi zenean. Txernobil Elkartearekin hilabete batzuk lehenago jarri ziren harremanetan, eta, tramiteen ostean, Ukrainako haur bat ekartzeko unea iritsi zen.
Melnykek beste ikuspegi batetik bizi izan zuen une hura. "Harrituta, urduri, beldurtuta", horrela gogoratzen du lehen bidaia. "Oso herrialde desberdina da; lekua, hizkuntza, jendea, dena da desberdina". Ia hamar urte geroago, Bergarako Askarruntz auzoko Gaztelu baserria oporretarako helmuga izatetik haren etxe izatera igaro da.
Bidaia eta muga
Aurtengo abuztuaren 6an Melnykek hasitako bidaiak aurrekoek baino pisu handiagoa zuen. Sorterritik –Ukrainako hiriburutik gertu dago– Poloniako mugaraino hamasei ordu inguruko bidaia egin zuen, amarekin, Helenarekin. Ukrainako familia agurtuta utzi zuen atzean. Mugan, beste lau edo bost orduko itxaronaldiaren ostean, dokumentazioarekin arazo bat izan zuen. "Paper bat falta zitzaidan, eta egoera korapilatu egin zen, baina, zorionez, pasatzen utzi zidaten", azaldu du Melnykek. Akatsa haiena izan zela aitortu du Aranzibiak. "Izan ere, Ipintzan ikasteko gonbidapena egiaztatzen duen dokumentua behar genuen, eta, aurrematrikula eginda bagenuen ere, ez genion garaiz bidali Sashari".
Bi familiak abuztuaren 7an elkartu ziren, Krakovian. Hurrengo egunean iritsi zen aireportuko agurra. Aranzibiak ondo gogoan du Melnyken ama besarkatu zuen unea. Familia-hartzaileek ez ezik seme-alabak uzten dituzten familiek ere egiten duten ahalegina azpimarratu du: "Batzuetan esaten dizute: 'Ze ondo egiten duzuen, ze meritu'. Baina haien familiek ere bai, seme-alabak uzteagatik".
Melnyken amamaren hitzek ere badute leku berezia Aranzibiarentzat. Aitaren amak bilobari esan zion joateko, ikasteko, han aukera gehiago izango zituela. "Amama batek hori esateak badauka bere indarra".
Gerrarekin bizitzea
Harreman horren pisua are handiagoa izan da azken urteotan. 2017an Sasha Euskal Herrira etorri zenean, Ukrainako gerra urruneko errealitate bat zen. Gero, ordea, etxean sartu zen. "Telebistan agertzen ziren familiak, haurrak gerran zeudela. Gure Sasha zegoen han. Izena zeukan, usaina, ahotsa. Gure zatitxo bat zegoen han". Melnykentzat, bitartean, gerra egunerokoaren parte bihurtu zen. Ukrainan eskolara joaten zen, baina ez zekien eguna nola amaituko zen. "Ez nekien hiru klase izango nituen, bi edo bonbardaketa alerta bat egongo zen eta lur azpira jaitsi beharko genuen".
Bergarara iritsita, aldiz, beste ziurtasun batekin bizi ditu egunak. "Azterketa badaukazu asteazkenean, badakizu asteazkenean izango duzula; egunak espero bezala joan ohi dira aurrera". Debagoienera etortzeko erabakia, hain zuzen ere, egoera horrek eta etorkizunari begiratzeko beharrak bultzatuta hartu dute. "Txikitatik esaten nion ahaleginak egingo genituela etorkizunean hark hemen ikasteko", aitortu du Aranzibiak. Gerra hasi ondoren, aukera hori are beharrezkoago bihurtu zen. Adinak ere eragin du; izan ere, Ukrainako ikasketekin jarraituz gero, Kievera joan beharko zuen, eta, 17 urterekin, zerbitzu militarrerako erreserban sartuko zen.
Etxe berrira egokitzen
Bizilekua aldatzeak, hala ere, ez du Ukraina atzean uztea esan nahi. Hunkituta azaldu du: "Ukrainan gauza asko utzi ditut: lagunak, familia, eta nire izaera bera". Lagunekin harremanetan jarraitzen du, eta telefono-deiek distantzia laburtzen laguntzen diote. "Presente dut familia guztia". Bergarako egunerokora egokitzen ari da, baita hizkuntza berri batera ere. "Euskara oso hizkuntza desberdina da, ez dauka beste hizkuntzekin zerikusirik". Bitartean, familia bergararrak dinamika berria eraiki behar izan du. Aldaketa horren gainetik, ardura dago. Melnyken amak harengan jarritako konfiantza du gogoan: "Nik ezin dut hutsik egin".