ALBISTEAK

Ahanzturaren aurkako bidaia, 1936an gertatutakoa errepikatu ez dadin

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba

Bi urtemuga berezi oroituko dituzte Egiarekin Topaketek, egitarau zabalarekin.

1936ko irailaren 21etik 26ra tropa faxistak sartu ziren Debagoienean –Elgetan izan ezik–. Ordutik, 90 urte igaro dira. 1986ko urrian, Arrasateko kultur etxean –garai hartan Monterron jauregian zegoena– Historia ezin dogu ahaztu berriz izeneko erakusketa zabaldu zuten. Urteetako isiltasunaren ondoren, 1934ko matxinadaren eta 36ko gerraren inguruko dokumentuak eta testigantzak biltzen hasi zen talde batek egindako lana erakutsi zuten. Gaur egun Intxorta 1937 Kultur Elkartea denaren lehen urratsak izan ziren haiek. Gerran galdutakoaren memoria berreskuratzen hasi zirenetik lau hamarkada igaro dira, eta, Juan Ramon Garai elkarteko kidearen hitzetan, "90 urteren ostean, egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak oraindik osatu gabe daude".

Urteurren bikoitz horien bueltan antolatu dituzte, beste behin, Egiarekin Topaketak. Hala, memoria, egia eta justizia izango dira hizpide iraileko bigarren hamabostaldian Arrasaten. "Debagoienean milaka pertsonak eskubideen urraketak jasan zituzten, eta pertsona haiei hitza ematen saiatu gara gu 40 urte hauetan; ahanzturaren aurkako bidaia bat izan da", dio Garaik.

Isiltasunaren osteko urratsak

1986ko erakusketara jende ugari joan zen. Erakusketak, ordea, beste zerbait ere ekarri zuen: urteetan isilik egondako istorioak kontatzeko eta gordetako argazki eta dokumentuak partekatzeko aukera. Horrela, lehen urratsetatik aurrera, ikerketa eta memoria-lana handitzen joan ziren. 1987an, fusilatuen eta gerran hildakoen omenezko panel bat jarri gura izan zuten. Udalaren erantzuna, ordea, ezezkoa izan zen: "Zauri zaharrak ez dira ireki behar". Garaik kontrako iritzia zuen: haientzat, "zauriak ixteko" ariketa zen. Hala, laguntza instituzionalik gabe, 1987ko apirilaren 11n, euren eskuekin egindako monolitoa kokatu zuten Legarren, 86 izenekin. 2003ra arte egon zen bertan.

Ondoren, Fusilatuen eta Desagertuen Asanbladaren bidez, harrizko monolito berria egiteko bidea abiatu zuten. 2003ko ekainaren 8an inauguratu zuten, orduko Laubide plazan, gaur egun Arizmendiarrieta plaza den hartan. Memoria, ordea, ez da behin betiko zerrenda. 2019an sei izen gehitu zituzten, eta aurten beste hamazortzi gehituko dituzte: zazpi bergarar, bost arrasatear, hiru oñatiar, bi eskoriatzar eta elgetar bat. Hilaren 26an, 12:00etan, gerran eraildako eta desagertutako pertsonak omenduko dituzte monolitoaren aurrean. Debagoieneko udalek adierazpen instituzionala egingo dute, eta aurreskua eta lore-eskaintza ere izango dira.

40 urte, liburu batean  

Intxorta elkartearen beraren 40 urteko ibilbidea izango da aurtengo topaketen beste ardatzetako bat. Eguaztenean aurkeztutako 40 urte memoriaren eskutik liburuak 500 argazkitan jasotzen du lau hamarkadatako lana eta dokumentazioa. Ondoren, justiziaren inguruko hitzaldia egin zuten Iratxe Urizarrek eta Josu Ibargutxik.

Halaber, irailaren 23an, 40 urte egia eta justiziaren alde erakusketa inauguratuko dute Kulturaten, eta urriaren 17ra arte egongo da ikusgai. Egun berean, Emilio Silvak eta Monika Jatok memoriaren inguruko hitzaldia egingo dute. Hilaren 24an, berriz, 27 de septiembre de 1975 liburua aurkeztuko dute Josu Ibargutxik, Rosa Garcia Alconek eta Manuel Blanco Chivitek.

Irailaren 29an, Winnipeg, itxaropenaren ontzia filmaren proiekzioa izango da, Beñat Beitia zuzendariaren solasaldiarekin, eta hilaren 30an, Jaime Uriarte Cestona. Miliciano en Intxorta, exiliado en el Winnipeg liburuaren aurkezpena, Sady Arenas Uriarteren eskutik.

Memoriaren transmisioa 

Intxortaren lana ez da iraganera begiratzera mugatu. "Atzera begiratu beharra dago, aurrera jarraitzeko", dio Garaik. Horregatik, hasieratik izan dute jasotakoa belaunaldi berriei transmititzea helburu. Azken urtean, bost institututan abiatutako egitasmoan 16 eta 17 urteko 84 gaztek faxismoaren inguruan lan egin dute, Loraldiarekin elkarlanean. Aurten, ekimena zabaldu egingo dute: Euskal Autonomia Erkidegoko zortzi institutuk eta Nafarroako bost ikastolak parte hartuko dute.

Lau hamarkadatan egindako lana eta aurtengo Egiarekin Topaketak bide beraren parte dira: gertatutakoa ezagutu, ahotsak berreskuratu eta memoria hurrengo belaunaldiei helaraztea, "berriro ez errepikatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak