Urteroko moduan, "eskaintza zabala" dutela diote udal euskaltegietako ordezkariek, eta euskara ikasi, hobetu edo erabili nahi duten herritarrentzat A0 mailatik hasi eta C2 mailarainoko eskolak ematen dituzte. Hala ere, Leintz Udal euskaltegietako arduradun Karmele Agirregabiriak dio badituztela eskaintza bereziak ere: "Badaude titulurik berez nahi izan ez, baina euskara ikastea nahi duten ikasleak. Horretarako ditugu guraso, etorkin, merkatari, hitano eta euskalki taldeak. Ahalegintzen gara jendeari eskaintzen behar duena".
Iazko ikasturtea, kopuruei dagokienez, "oso ona" izan zela dio Agirregabiriak. Oñatiko udal euskaltegiak 88 ikasle izan zituen, Bergarakoak 152, Arrasatekoak 400 inguru eta Leintz Bailarakoak 217. Ikasturte berrian kopuruei eustea da euren helburua: "Orain matrikula garaian daude, baina iazko kopuruetan ibiltzea aurreikusten dugu. Hala ere, jendea azkenengo astean mugitzen da; gurasoek, batez ere, haurrek egutegiak kokatu eta gero, eurena kudeatu behar izaten dute", adierazi du Agirregabiriak.
Euskara Bonua berritasun
2026-2027 ikasturteko berrikuntza azpimarragarriena Eusko Jaurlaritzak HABEren bidez bultzatuta jarri duen Euskara Bonua da, beheko mailetan euskara ikasten hasten direnei laguntza nabarmena ematea helburu duena. Bonua, nagusiki A1 eta A2ko ikasleei zuzenduta dago; B1 mailari dagokionez, berriz, lehen erdia hartzen du bere gain. Hortaz, A2 maila gaindituta dutenek eta B1 mailan hasiko direnek, maila erdi izango dute finantzatuta. "Behe-beheko mailetatik hasten den batek; alegia, euskaraz ezer ez dakien batek, 720 eskola-orduko bonua izango du, gehienez lau urtean erabiltzeko. Ikusi behar da zer ikastaro mota hartzen duen. 720 ordu horietatik, orduak kentzen joango dira, eta, esaterako, 200 orduko ikastaroak egiten baditu, ia lau urte iraungo lioke bonuak. Ikastaro trinkoagoak eginez gero, ordea, posible da bi urtean bonua agortzea", azaltzen du Bergarako Udal Euskaltegiko zuzendari Alex Labaienek. "Euskara Bonuaren helburu nagusia da euskara ikasten hasi bai, baina laguntzea eta animatzea ikasketa prozesuak jarraipena izaten. Lehenengo helburua B1 mailan dago kokatuta; maila horrek ematen du komunikaziorako autonomia eta gaitasuna, eta hori da guk nahi duguna: gure ikasleak, gutxienez, B1 mailara iristea", gehitu du.
Matrikulazio epea zabalik dagoen honetan, edozein zalantza duten herritarrek norbere herriko euskaltegira jo dezakete ordutegien eta taldeen gaineko informazioa jasotzeko.