ALBISTEAK

Merkealdi azokek arropaz eta maukaz bete dituzte Arrasate eta Bergarako kaleak

Gontzal Belategi Zubia

Merkealdi azokak izan dira asteburuan Arrasaten eta Bergaran, Ibai-Arte eta Bedelkar elkarteen eskutik. Herriko komertzioek kalera atera dute udaberri-udako generoa, eta herritarrek hainbat mauka eskuratzeko aprobetxatu dute.

Asteburuan zehar maukak eskuratzeko aukera paregabea izan dute bergararrek eta arrasatearrek, bertan antolatu diren Merkealdi azokei esker. Ibai-Arte eta Bedelkar elkarteen eskutik, bi herrietako komertzioek kalera atera dute udaberriko eta udako generoa.

Dendariak pozik agertu dira ekimenak izandako harrerarekin. "Arratsalde partean dabil jendea gehienbat, eta animatuta, erosteko gogoz, baita gizonezkoak ere; izan ere, kosta egiten zaie dendan sartzea, normalean, eta produktuak kalera ateraz gero, errazago gerturatzen dira zer dagoen begiratzera. Gainera, genero dexente dago, oraindik, nahiz eta aurten egin duen beroarekin, tirantedun kamisetarik edota galtza motzik ez den geratu ia merkealdi azokarako", nabarmendu du Loremendi Kirolak dendako Maider Arrotxak.

Salmenta askoko uda

Merkealdi azoketan zer saldua izan den arren, beroaren eraginez salmenta askoko uda izan da aurtengoa. Horrek ohi baino stock gutxiago izatera eraman ditu hainbat komertzio, Kapikua Moda Denda, esaterako. "Oso bolada ona izan dugu. Gure dendan stock oso gutxi gelditzen zaigu", nabarmendu du Kapikuako Ima Ruizek. Salduenen artean, beroari aurre egiteko arropa aproposak aurkitzen direla azaldu du Arrotxak: "Asko igarri da beroa, bereziki, kamiseta mahuka-motzetan eta praka motzetan".

Ume jantzi dendakoek ere egoera berdinean aurkitu direla azaldu dute: "Aurtengo udan sandaliak gehiago saldu ditugu zapatilak baino, eta arropa freskoa, batez ere. Geratu dira, ordea, gabardinak eta halakoak, eta horiek aukera ona dira orain, udazkenerako oso ondo datoz-eta. Jendea badabil begira, eta ondo goaz". 

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak