Udako etenaren ostean, astelehenetako elkarretaratzeei ekin diete berriro Debagoieneko pentsiodunek. Arrasaten, Oñatin eta Aretxabaletan egin dituzte lehen mobilizazioak, Euskal Herriko beste hainbat herri eta hiritan bezala. Bergaran, berriz, datorren astean itzuliko dira kalera, San Martin jaiak igaro ostean.
Zortzi urte baino gehiago daramatza Pentsiodunen Mugimenduak astelehenero mobilizatzen, eta ikasturte berria aurreko aldarrikapen nagusiei eutsita hasi du. Arrasaten hamarnaka lagun elkartu dira lehen hitzorduan, eta gutxieneko pentsioa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea izan da berriro eskaera nagusietako bat.
Gutxieneko pentsioak, aldarrikapenen erdigunean
Pentsiodunen Mugimenduak Espainiako Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari zuzendu dizkie eskaerak. Pentsioen inguruko erabaki nagusiak Espainiako Gobernuaren eskumenekoak diren arren, mugimenduaren iritziz, Jaurlaritzak ere badu pentsiodunen egoera ekonomikoa hobetzeko neurriak hartzeko aukera.
Horren harira, EAEko gutxieneko pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldataraino osatzeko proposamena Eusko Legebiltzarrera eraman zuten herri ekimen legegile baten bidez. Pentsiodunen Mugimenduaren arabera, 145.000 sinadura baino gehiagoren babesa lortu zuen proposamenak, baina ez zuen aurrera egin. Orain, hartutako erabakiaren inguruko azalpenak zuzenean jaso nahi dituzte.
Gutxieneko pentsioez gain, erosahalmena berreskuratzea, genero arrakalarekin amaitzea eta Gizarte Segurantzaren kontuen auditoria egitea ere badaude mugimenduaren aldarrikapenen artean. Mendekotasunaren arretarako kalitatezko zerbitzu publikoak eta osasun sistema publikoa defendatzea ere euren lehentasunen artean kokatu dute.
Mobilizazioak udazkenean
Asteleheneroko elkarretaratzeekin batera, datozen hilabeteetarako mobilizazio gehiago dituzte aurreikusita. Urrian Madrilen izango dira, eta azaroan, berriz, Gasteizen, euren aldarrikapenak erakundeei helarazteko. Mugimenduak ohartarazi du pentsiodun askok zailtasunak dituztela eguneroko gastuei aurre egiteko, eta egoera horrek aldarrikapenekin jarraitzeko beharra berresten duela.