Debagoieneko EAJk, eskualdeko garraio publikoa "indartzeko" beharra aldarrikatu du gaur Elgetan egindako agerraldi bateratuan. Herritarren joan-etorriak errazte aldera, zerbitzu "erabilgarriago, irisgarriago eta eskualdean bizi diren pertsonen benetako beharretara egokituago baterantz" aurrera egiteko xedea duten hiru proposamen plazaratu dituzte.
Elgeta eta Antzuolatik, ospitalera
Hasteko eta behin, Elgeta eta Antzuolatik Arrasateko Ospitalera joateko "lotura zuzenak" eskatu dituzte. Jeltzaleek argudiatu dute, bi udalerrietako batek ere ez duela ospitaleraino zuzenean doan linearik, eta horrek bereziki zailtzen duela kontsultetara, probetara edo tratamenduetara joan behar duten eta ibilgailu propiorik ez duten pertsonen joan-etorria. "Kontuan eduki behar dugu, mediku kontsultetara jende nagusia joaten dela oro har, eta autobus edo ordutegi aldaketek ziurgabetasunaa sortzen dietela. Herritarren beharretara egokitutako aukera erraz eta eroso bat eskaini behar da", azaldu du Iker Lakak, Elgetako bozeramaile jeltzaleak.
Hiriburuetara autobus "gehiago"
EAJk aurkeztu duen bigarren proposamenak, Debagoienako ardatz nagusiari eragiten dio. Bergaratik Eskoriatzara artean, udalerrien arteko autobus maiztasuna 30 minutukoa izatetik 15 edo 20 minutu ingurukoa izatera handitzea gura dute, eta, horrekin batera, Donostia, Gasteiz eta Bilborako lineak eta ordutegiak "optimizatu" nahi dituzte. Hiru hiriburuekiko lotura "maizago eta eraginkorragoak" proposatu dituzte, eta, bereziki, Gasteizera doazen askotariko lineak "berrantolatzeko beharra" azpimarratu dute, zerbitzua "egungo eskaerara egokitzeko".
Oñatiko zerbitzua
Azkenik, Oñatiko zerbitzuan ere hainbat aldaketa proposatu dituzte. Bigarren eskaerarekin lotuta, hiriburuetarako lineen Oñatiko irteera eta iritsiera kopurua handitzeko beharra azaldu dute. "Oñati, bere kokapenarengatik, ardatz zentraletik kanpo gelditzen da eta badakigu arreta berezia behar duela. Gasteizko lineen berrantolaketa horren barruan, Oñatitik zuzenean bertara joateko linea baten alde egiten dugu, baita Donostiarako eta Bilborako zuzeneko zerbitzu gehiago ezartzearen alde ere", dio Lakak.
Bestalde, Oñatiko Udalari, herribusa Elorregiraino luzatzeko eskatu diote, DG04 linea osatzeko. "Horrek ahalbidetuko luke, gaur egungo maiztasuna bikoiztea", azaldu du Lakak.
"Ideia argiak" eskatu dituzte
Jeltzaleek adierazi dute, Aldundiarekin lanean ari direla, hiru proposamen horiek Mugikortasun eta Garraio Publikoaren arlora eraman, eta zerbitzuaren plangintzan sar daitezen laguntzeko. "Helburua argia da: herritarren eskaerak Debagoienarentzat irtenbide zehatz bihurtzea", esan du Elgetako bozeramaileak. Halaber, "ezinbestekotzat" jo dute Debagoieneko udalek "jarrera aktiboagoa hartzea eta herritarrak zein erakundeak nahasteari uztea".
"Ahots bakarrez, bailara mailako proposamen serio eta bateratu bat egitea proposatzen dugu, Debagoienak garraio publikoari dagokionez dituen lehentasunak argi gelditzeko". Gardentasuna ere eskatzen dugu; ez dakigu EH Bilduk une honetan zer proposamen zehatz egiten dituen ezta proposamen horiek emaitzarik izan duten edo konponbideren batean aurrera egin den ere. Debagoienak hemen bizi garenon errealitatetik pentsatutako garraio publikoa behar du", amaitu du Lakak.