ALBISTEAK

Jaietan murgilduta egon dira Atzeko kale, Elma eta San Lorentzo auzoetan

Gontzal Belategi Zubia

Asteburuan ugariak izan dira festa egiteko aukerak Debagoienean, izan ere, Oñatiko Atzeko kalen, Arrasateko Elma auzoan eta Bergarako San Lorentzo auzoan jaiak ospatu dituzte. Atzeko kaleko jaiek 100 urte bete dituzte.

Aitzakia faltarik ez da izan asteburuan festa egiteko. Debagoiendarrek izan dute non aukeratua, izan ere, Leintz Gatzagako andramaixez gain, Oñatiko Atzeko kalen, Arrasateko Elma auzoan eta Bergarako San Lorentzo auzoan ospatu dituzte jaiak. Hiru auzoetan izan dituzte egitarau mardulak, eta jendeak harrera ona egin dizkie jaiei.

Atzeko kaleko jaiek 100 urte

Berezia izan da Atzeko kaleren kasua, jaien 100. urteurrena ospatu dute eta asteburuan zehar. Hiru eguneko egitarau oparoa antolatu dute jai batzordeko kideek, eta herriak ez du hutsik egin. Jai batzordeko kide Sara Arregi pozik agertu da jaiek utzitakoarekin: "Jende pila bat etorri da lehen momentutik. Juergan ere jende pila bat egon da eta kontzertuak ikusten adin guztietako jendea egon da berandura arte. Ipun kontaketara ere jendetza etorri da. Oso politak ari dira izaten".

Jaiak asteburu bakarrean ospatu dituzten arren, hilabeteak daramatzate lanean batzordeko kideak. Ane Zubia batzordekideak azaldu duenez, aurrez ere egitarau ezberdinak antolatu dituzte, urteurrenaren berri emateaz gain, hiru egun hauetarako finantzaketa eskuratzeko: "Urtean zehar hainbat ekintza egin ditugu, esaterako, txakolin dastaketa. Jaiak ospatzeko dirua bjaso nahi izan dugu, urteurren potentea egiteko, eta esango nuke lortu dugula. Atzetik lan handia egon da, baina emaitza ere polita izan da".

Atzera begira antolatutako jaiak

100. urteurrena ospatu duten arren, adinez batzorde gaztea da Atzeko kalekoa. Horrek atzera begira jartzera behartu dituzte, eta esperientzia aberasgarria izan dela uste du Arregik: "Guretzat ere arraroa da. 100 urteko jaiak dira eta guk 20-23 urte ditugu. Orduan, oso polita izan da zaharragoekin elkartu garelako eta informazioa batu dugulako guretzat bereziak izateaz gain, aurrez jaiak bizi izan dituzten horientzat ere bereziak izateko".

Atzera begira jardun izanaren froga aurten aurkeztu duten txorimalo berria da. Kolore berdeko dragoi baten itxura du txorimaloak, eta aurrez existitzen zen beste txorimalo bat du oinarri, Zubiaren arabera: "Nik, adibidez, ez nekien, baina aurrez dragoi bat egoten zen eta denborarekin desagertu zen. 100. urteurrena aprobetxatuta berriro ekartzea egokia zela pentsatu genuen, eta oso polita gelditu da". Jatorrizko dragoia hainbat pertsonaren artean eramaten zela gaineratu du Arregik: "Dragoia lau pertsonenartean eramaten zen buru handi bat zen, eta atzetik beste hamabi pertsona joaten ziren, gorputza osatuz. Ezinezkoa zitzaigun horrelako zerbait egitea, eta txorimalo formatuan berreskuratu dugu".

Elman eta San Lorentzon ere bai

Arrasateko Elma eta Bergarako San Lorentzo auzoetan ere jaietan murgilduta pasatu dute asteburua. Sardinatxoren jaitsierarekin hasi zituzten jaiak Bergarako San Lorentzo auzoan. Auzo-bazkaria, sardina-jana, zapata-jaurtiketa txapelketa eta musika izan dira, besteak beste protagonista. Saguzarraren jaitsierak eman zien berriz hasiera Arrasateko Elma auzoko jaiei, eta hiru eguneko egitarau oparoa izan dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak